Zein da Jai Batzordearen osaketa (taldeak, kuadrillak, norbanakoak…) eta gaur eguneko egoera (indarra, inplikazio maila…)?
Jai batzordea zenbait eragile eta kuadrilletako ordezkariok osatzen dugu. Gaur egun jai batzordean aktibo parte hartzen duten eragileak Pare, Berbaizu, Arranopola, Egunsentia, Gazte Alai, Bihotz Alai eta Matxingorri dira.
Kuadrillak ere ugariak dira, hala ere, euren ordezkari bakarra dago jai batzordeko mahaian.
Gaur eguneko egoerari buruz, eragile kopuruari dagokionez, jai batzordeak indarra galdu duela esan dezakegu, azkeneko urteetan zenbait baja izan baititugu, Mikeldi eta Gazte Asanblada tarteko, baita Goikoalde eta Zanpantzarrak-en desagertzea. Honek Jai Batzordeko kideen artean lan karga handiagoa erortzea eragin du. Hala ere, Arranopola eta Egunsentiaren barnerapena izan dugu.
Zeintzuk dira Jai Batzordearen ahulguneak eta indarguneak?
Ahulguneetako bat Jai Batzordeko kideen profilen antzekotasuna izan daiteke (gazte ezkertiarra ”ezker abertzalea?”), gure pentsaera eta ingurunetik haratago ikusteko arazoak baitugu. Bestalde, faktore ekonomikoak ere eragin handia du, gure aurrekontu murriztura egokitu behar baikara.
Indarguneei dagokienez, gure armarik indartsuena herritik eta herriarentzako jaietan sinisten dugula eta horretan gogotsu lan egiten dugula da.
Jai Batzordea historikoki Deustun errespetu handia eta pentsaera desberdinetako sentsibilidadeak batu dituen eragilea izan da. Nolakoa da gaur eguneko egoera?
Gaur egun ezjakintasun handia dagoela nabaritzen dugu.
Horrez gain, gure aburuz, zenbaitetan nukleotik at daudenek jai batzordea ezker abertzalearen barnean dagoela pentsatzen dute, mugitzen garen inguruagatik baita osatzen duten eragileengatik ere irudi hori eman baitezakegu. Hala ere, gure helburu aniztasuna mantentzea da eta arlo horretan huts egiten badugu, lan egin beharko dugu.
Zeintzuk dira orain esku artean dituzuen erronkak (handiak eta txikiak)?
Gaur egun esku artean dugun erronkarik handiena jaiak Done Petri plazara igotzeko eztabaida gainditzea izango litzateke.
Horrez gain, beste zenbait helburu ere baditugu: parte hartzea handitu eta aniztasuna bultzatu, jai parekideagoak lortu, udaletxeak jartzen dizkigun trabak murriztu, Auzotarrokeko parte-hartzaile aktiboa izatea…
Parte hartzea handitzeak, Jai Batzordeak antolatzen dituen ekitaldiak guk antolatuak direla jakinaraztean datza zentzu batean. Dauden ekitaldiak nork prestatu dituen eta nola antolatu diren jakiteak indarra eman diezaguke, batez ere Jai Batzorde batek bere auzoan duen pisua ikusarazteko eta honen beharra dagoela bermatzeko. Nork antolatzen duen jakiteak horretara hurbiltzeko erraztasuna ahalbidetzen dio jendeari.
Harremanik ba al daukazue beste Jai Batzorde batzuekin? Erantzuna baiezkoa bada, ze motatako harremanak dira?
Ez, harremanik ez daukagula onartu behar dugu.
Bilboko beste Jai Batzorde batzuekin Auzotarroken bidez daukagu lotura, baina jai batzordeen arteko harremanik ez da existitzen. Gure arteko harreman hori hartu emanaren bidez elikatu beharrean, lotsaturik esan dezakegu “hartzean” bakarrik oinarritzen dela gure harremana, haiengandik material ugari lortzen baitugu (ekipoa eta puzgarriak, besteak beste), gure parte hartzea eskasa den bitartean.
Nola aurreikusten dituzue Deustuko jaiak hemetik eta hamar urtera? Zeintzuk izango dira ezaugarri nagusiak?
Argi daukagu hamar urte barru, udaletxearen laguntzarekin edo laguntzarik gabe, Deustuko jaiak gure herriko plazan ospatuko direla, eta idealena litzateke plaza gurutzatzen duen 6 karrileko errepidea desagertzea eta hainbeste desiratzen dugun plaza bateratua izatea. Hala ere, azkeneko hau zailago ikusten dugu ez baitago gure esku bakarrik.
Horrez gain, aurreko galderan aipatutako erronkak lortzea espero dugu. Hau da, jai herrikoi, parekide, parte hartzaileak eta euskaldunak lelo hutsa izan ez dadila espero dugu.
Zuen ustez zer da ezinbestekoa nahi ditugun jaiak lortzeko?
Ezinbestekoa den bakarra jai batzordea osatzen duten taldeen konpromezua da. Hortaz, ezinbestekoa izango da konpromezu hori urtez urte berriztea, gogoekin eta serioz hartzea.
Taldeek planifikazio estregikoa egin behar dute lan karga, erantzukizunen banaketa egokia eta lidergoen traspasoa egoteko. Talde sendoa eta eragileen inplikazioa egonez, nahi ditugun helburuak lortuko ditugu.
Gehitu nahi duzuen guztia
MILA ESKER!