Deustuko jaien historia

Deustua goi Erdi Aroan sortu zen, Bizkaia osoan X. mendean antolatu ziren hainbat herrixka bezala. Garai hartan Deustua gaur ezagutzen dugun espazioan populazio gutxiko herrixka egonkorra bilakatu zen.

Lehenengo artikuluan aipatu dugun bezala, pasa den mendeetan jaiak uztarekin oso lotuta zeuden eta Deustua ez da salbuespen bat. Baina Deustua San Pedroko Elizatepean garatzen den udalerria izanda, elizaren parametroetan garatu izan dira jaiak historikoki. Udaletxea bera ere behartuta zegoen elizkizunetan parte hartzera “Ordenanzas municipales de la M.N. y M.L. Anteiglesia de Deusto de 1922”an irakurri daitekeen bezala: El Ayuntamiento asistirá en Corporación a las siguientes funciones religiosas: Oficios de Año Nuevo, Corpus Christi, San Pedro y Ofrenda, en la Parroquial de San Pedro y Patrocinio de San José en la capilla de Elorrieta. Asistirá además a los oficios de Jueves y Viernes Santo.

Baziren elizkizunei oso lotutako jaiak edo ospakizunak: Virgen del Rosario, Todos los Santos, Reyes Magos o Epifanía (1936ko gerra baino lehen entzute handikoa), La Candelaria (kandelak bedeinkatu), Miércoles de Ceniza, Sermones de Cuaresma, Semana Santa, San Felicísimo, Ciclo del Corpus, San Blas… eta garaiko Deustuan elizak ezarritako baldintzetan ematen ziren sozializaziorako hainbat eta hainbat erromeria: Santa Lucía, Ofrenda a San Roke de Artxanda, San Miguel, San Bartolomé, San Antolín (azken biak ospe handikoak eta ondoko herrietako (Sondika, Leioa, Derio, Zamudio, Lezama, Begoña, Bilbo eta Abanto) gazte asko biltzen zituztenak) eta San Jose (Bizkaian urteko lehenengo erromeria, Bizkaiko udalerri askotatik jende andana erakartzen zuena; meza nagusia, aurreskuaren dantza, arkumea “txosna” eta txakolietan jan eta arratsaldean dantzaldi publikoa). Baina baita elizak berera eramandako antzinako ohitura herritarrak: txerriaren hilketa eta ardoaren prezioa ezartzeko data (San Martin), urteko azkeneko eguna (San Silvestre) eta lehenengoa (udaletxea aukeratzen zenean), udako solstizioa (San Juan)… eta Inauteriak bezalako jai herritar berriagoak (udaletxeak babestutako jai garrantzitsu hauen lehenengo erreferentziak 1827ean topatu daitezke, non lekuko gertaerak kritika sozialaren jomuga bihurtzen ziren).

Eta nola ez zaindariaren jaiak: San Pedro. Hasiera batean elizak eta gero udaletxeak ordaintzen zituzten lau eguneko jaiak ziren. Hainbat jarduera egoten ziren egun haietan: zezenketak, estropadak, nasapuntakoak (kukaña), pilota partidak, erromeriak… 1864ean Juan Eustaquio Delmasen hitzetan San Pedro jaietan “Casí todo el pueblo de Bilbao se traslada a la fiesta, en la que reina la mayor fraternidad y alegría”. Ekainaren 29an Bilboko alkateak jurisdikzio ekitaldi bat egiten zuen eta eguneko egitarauaren buru izaten zen. Deustuko herritarrek ez zuten ekitaldi hau gustuko eta horregatik euren zaindariaren egunean ez zuten jaietan parte hartzen.

Askotan jaietan jaiak berak antolatzeko diru bilketa ematen zen. Santa Agedan esaterako, kantatzen zen lekuetan opariak jasotzen zituzten: txorizoak, odolosteak, arrautzak, intxaurrak, dirua… eta bildutakoa hurrengo igandean neskekin askari bat eta dantzaldi pribatu bat egiteko erabiltzen zuten. San Pedroetan berriz, elizek udalari sortzen zizkioten karga ekonomikoak zirela eta, diru-bilketa eta limosna eskaerak egitera eraman zuten udala; elizak berak kritikatuko zituen praktikak: Y por cuanto su Iltma. ha podido averiguar que en esta anteiglesia con el pretexto de hacer fiesta a algunos santos está introduciendo un abuso tan pernicioso como el de encomendar la demanda y colectación de limosnas a mujeres mozas y las de el mejor parecer de dicha anteiglesia, las cuales en los días de fiesta por los barrios y caserías de ella piden la limosna valiéndose para sacarla de chanzas, inoportunaciones y llaneza con todos los que encuentran en grande ofensa de Dios. Eta 1914ean Elizatearen kabildoak San Joseko erromeria Aste Santu ostera pasatzera eskatzen duenean, udaletxeak tradizioagatik eta diru-sarrerak izugarri jaitsiko zirela eta data mantentzea erabaki zuen.

Primo de Riveraren diktadurapean (1923-1930) eta Bilboko alkateak berarekin zuen adiskidetasunari esker Hiribilduaren nahi espantsionistak eta anexionistak gailendu ziren eta Deustua Bilboren parte izatera igaro zen 1924ean. Anexioa medio eta maskara eramateko debekua zela eta Inauteriak gainbeheran hasi ziren. Jaiak Elizatearen eta Bilboko udaletxearen kolaborazio hitzarmenekin jarraitu zuten.

Frankismoaren garaian, beste hainbat ekimen eta ohitura bezala, jaiak zentsura eta zigorraren jomuga bilakatu ziren: Santa Ageda susmagarria eta separatista izatearen aitzakiapean zentsuratua izan zen; San Joseko erromeria ahultzen joan zen; Ofrenda a San Rokeko erromeria ia-ia klandestinitatean egiten zen, denborarekin eta auzo eta kultur eragileen lanari esker berriro ere ospetsua eta jendetsua bilakatu arte… Garai ilun haietan jaiak mezetara eta pilota partidetara mugatzen ziren.

Franco hil ondoren eta bizitako hamarkadetako errepresio basatia pairatu ondoren, herritar kulturaren berpizte bat eman zen: Frankismoaren bukaeran Santa Agedak garrantzia hartzen joan zen talde kultural, sozial eta politikoen elkarlanari esker, baita San Joseko erromeria; 1968an Olentzero Deustuko kaleetara atera zen, Bizkaian aitzindari lanak egiten; 1977an, mugimendu kultural eta sozialetan zebilen jende talde batek Bizkaian lehenengoetarikoak izango ziren Inauteriak berriz ere antolatzeari ekin zion, baina oraingoan data astebete aurreratuz Tolosako Inauteri ospetsuekin bat ez egitearren.

Esan bezala garai honetan herri mugimenduak, batez ere auzo elkarteek, indar handia batzea lortu zuen. PNVk larritasunez ikusi zuen gorakada herritarra eta mugimendua mozten edo barrutik kontrolatzera bideratu zituen bere ahaleginak; adibidez, orduko auzo elkartea desaktibatu eta Familia Batuak elkartea bilakatu zuten.

Bihotz Alai, Menditarrak eta batez ere La Salleko mugimenduak izan ziren eztanda kultural hau bideratu zutenak lehenengo bizpahiru urteetan. Hasierako eztanda gainbeheran sartu eta hurrengo bi urteetan, PNVk udaletxearekin elkarlanean jaien antolakuntza zuzentzera pasatu zen, horretarako pertsona bat jarriz. 1983an hainbat taldek (Goikoalde esaterako) Deustuko beste taldeei dei egin zieten Jai Herrikoiak berrartzera. Jarritako pertsona alde batera utziz, PNVko taldeek (ez zuten benetako oinarri herritarrik) elkarlanera sartu eta ekidinezinezko tirabirak sortu ziren (meza nagusia egitarauan sartu edo ez…). Elkarlana bi urtez mantendu zen PNVko taldeak desagertzen joan ziren bitartean.

Urte haietan jaiak San Pedro plazara bueltatu ziren. Herriaren eta herriarentzako plaza berreskuratzea bilatu zen, izan ere aurreko urteetan Batzokiaren inguruan egiten baitziren. Jaiek gorakada izugarria izan zuten eta lan eskerga suposatzen zuten antolakuntzan zenbiltzaten bost edo sei taldeentzako. Arangoiti, Erribera (San Pablo) eta San Pedroko jaiak data berdintsuetan ospatzen zirenez eta batak besteak ez zapaltzearren, San Josetan jaiak ospatzeko erabakia hartu zen San Pedroak alde batera utziz.

Denborarekin, eta diru beharrak bultzatuta, kirol taldeak (boleibol eta eskubaloia) batu ziren jaien antolakuntzara eta Jai Batzorde berria osatu zen. Ondoren talde gehiago batzen joan ziren: Matxintxu euskaltegia, parrokietako taldeak, Gazte Asanblada… Gaur egunerarte iraun duen Jai Batzordearen eredua urte hauetan definitzen joan zen (taldez osatutako batzordea, txosna jartzeko urte bateko aurretiko lana…). Talde kopurua asko hazi zenez eta gero eta jende gehiago hurbiltzen zenez jaietara, San Pedro plaza txiki geratu zen eta jai gunea bitan banatzea erabaki zen: plaza egunez eta garagardotegia gauez (gaur egun existitzen ez dena, Euskalduna zubian zegoen).

70. hamarkadan egon zen jaiotze gorakadak jendez betetzen joan zen gaueko jai gunea batez ere. Jaien antolakuntzan ari ziren talde askok larritasunez ikusten hasi ziren jaiak gauean zentratzearen errealitatea eta eguneko egitaraua indartzen saiatu ziren ekintza berriekin eta antzinakoak berreskuratuz: herri bazkariak, erromeriak, emakumeen aurreskua, erraldoiak, Deustuko alkatearen ibilbidea, konpartsen arteko jolasak… Baina auzokideen kexak biderkatzen ziren eta Deustuko soziologian oinarrituz, udaletxeak gaur egun oso ezagunak ditugun trabak jartzen hasi zen: traba administratiboak, aseguruen beharra (ekimen pribatuak bezala tratatuz jaiak), ordutegi zorrotzak, urtebete bakarrik iraun zuen dekretu bidez jaientzako asteburu bakar bat ezartzea (Jai Batzordeak bultzatutako mobilizazioek gelditua)…

Erasoak eraso eta gertatutakoak gertatu, Deustuan Jai Batzordea errespetu handia izan duen eragilea izan da, batez ere Deustuk izan duen espazio aberatsena eta ikuspegi ideologiko desberdinak batu dituena izan delako. Horrek noski eztabaidak biderkatu izan ditu (presoak…), baina beti komuneko gutxienekoak adostera heldu izan da (euskal kultura bultzatzea, emakumeen aurkako indarkeriaren salaketa…).

Advertisements

administratzailea -ri buruz

zirikatzen
Post hau Jai ereduaz hausnartzen atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.