Musika

Ze talde da hori? Euren etxeetan ere ez dituzte ezagutzen, seguru”, “Joder urtero talde berdina, fijo kriston dirutza kobratzen dutela gainera!”, “…eta atzo txosnetan jarri zuten musika? Baina nork aukeratu zuen?”. Ezagunak egiten zaizkigu iritzi hauek, denok dugu zerbait esateko jaietako musikaren inguruan. Musika momentu oro entzuten da jaietan, txosnako bafleetatik, eszenatokietan, kaleetan zehar. Jaien parte garrantzitsua da eta aintzakotzat hartu beharreko esparru bat da jaiak antolatzerako orduan.

Jaiak finantziazio iturri bat dira, bai, baina gure aldarriak kaleratzeko baliagarriak ere badira sistema kapitalistak saltzen digun jai ereduaren alternatiba bat izan nahi duten era berean. Hala ere diruaren beharrak erabakiak irizpide komertzialen arabera hartzera eramaten gaitu askotan, hausnarketa politikoa alde batera uzten delarik; honek guztiak ezinbestean baldintzatzen ditu musikaren inguruan hartzen diren erabakiak.

Baina dirua ez da izaten oztopo bakarra, denbora faltak ere ez digu uzten musikari merezi duen arreta ematen. Jardunaldietan aipatu zen moduan Jai Batzorde batzuetan eragileen artean banatzen da, adibidez, gau bakoitzean txosnetan jarriko den musika aukeratzeko ardura. Mota honetako irtenbideek zaildu egiten dute eraldaketarako potentziala duten jardunak era indartsu baten inplantatzea. Eztabaida eta erabaki kolektibo bat izatetik jai batzordea osatzen duten eragileen –edo kide baten- erabaki indibidual bat izatera igarotzen da musikaren aukeraketa, ardura laxo bat balitz bezala!

Arazoak arazo, gehienetan onartzen dugu musikak duen garrantzia eta zentralitatea eta arduraz erabiltzeak izan dezakeen potentziala. Hala ere inertziak talde ezagun eta garestiak ekartzera garamatza txosnetara jende gehiago hurbil dadin, jende gehiago = diru gehiago, hau da, alkohol salmenta gehiago. Eta auzo edo herriko talderen bat ekartzekotan afaria ematea ere kosta egiten zaigu batzuetan. Ahaztu egiten zaigu herrikoak diren taldeak herriaren bozgorailu eta isla direla. Baina jaiak herrikoiak izatea nahi dugu e, ez ahaztu! Feministak ere bagara, jai parekideak nahi ditugu, eta erasorik gabeak. Baina non dago sortu eta birsortu nahi dugun imaginarioa, iruditegia? Zergatik ez gara saiatzen eszenatokia bezalako leku zentral batean emakumeen presentzia bermatzen? Neska taldeak egon badaude, gero eta gehiago gainera; bestela galdetu Emarock proiektua gauzatu zutei. Eta zer esan txosnetako musikaz? “dale con el latigo”, hori da egin beharko geniekeena batzuetan musika aukeratzen dutenei (geure buruei). Musika komertzialena, sexista, erdara edo ingeleraz ia bere osotasunean; hori da zabaldu nahi dugun musika? Ondo pasatzeko nahi dugun musika hori da? Zergatik erreproduzitzen dugu inposatua zaiguna, itotzen gaituena?

Irtenbidea ez da musika euskaldun iraultzaile eta feminista bakarrik jartzea, gauza ez da talde ezagunik ez ekartzea, edo talde lokalak bakarrik ekartzea. Gauza da sistema erreproduzitzen duen musika ez sustatzea. Musika zaintzea gure betebeharretako bat izan beharko litzateke antolatzaileak garen heinean, eta helburu politiko batzuk ditugun heinean, dela herria egitea, dela zapalkuntzarik gabeko espazioak sortzea. Zenbat talde lokal joko dute jaietan? Zenbat famatu? Zenbat ordainduko zaie bakoitzari? Zenbateko aldea dago euren artean? Emango zaizkien tratua berdin zainduko da? Zenbat emakumek joko dute gure jaietan? Nola erabakiko da txosnetako musika? Ze onartzen da eta zer ez? Zeintzuk dira marra gorriak? Gauaren eta eszenatokiaren zentralitatetik urrunduz, ikus-entzunezko beste espazio eta jarduera batzuk behar ditugu? Mila dira erabakiak hartu baino lehen plantea daitezkeen galderak, goazen erantzunak bilatu eta hauen arabera jardutera, musikaren arloan zein beste edozein espresio kulturalaren arloan. Zentsu askotan hasita dugu bidea. Inertziak eta diruak ez gaitzala eraman gure teilatuari harriak botatzera!

Advertisements

administratzailea -ri buruz

zirikatzen
Post hau Jai ereduaz hausnartzen atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.