Drogak

Eta drogak? Ezinezkoa da herri eta auzoetako jaiez hitz egitea drogak aipatu gabe, argi dago. Baina zer dira drogak? Jar dezagun oinarri bat. Drogak, orokorrean, gorputzetik kanpo dauden substantziak dira eta kontzientziaren egoera moldatzeko gaitasuna dute hartzen ditugunean, jardunaldietan Aitor Aspuruk –Drogas, capitalismo y movimientos radicales liburuaren egilea- argitu zuen moduan. Beraz, drogen barruan sartuko genituzke tabakoa, alkohola eta psikofarmakoak ere, ez bakarrik ilegalak deritzen drogak. Argipen hau egin ondoren beste ezaugarri bat zehaztu beharrean gaude. Drogak historia guztian zehar presente egon diren sustantziak dira, eta erabilera sozial, terapeutiko edo erlijioso anitzak izan dituzte jendarte, kultura eta eremu geografiko ezberdinetan.

Esan genezake orduan drogak ez direla onak edo txarrak berez, gizarteak ematen dien erabilera da txar edo on bihurtzen dituenak, edo hobe esanda, erabilerak dira txarrak edo onak izan daitezkeenak. Artikulu honetan ez gara sartuko drogen kontsumoak gizabanakoetan izan ditzakeen ondorioetan (ez garrantzia kentzen diegulako), oraingoan jaiak ardatz hartuta, drogen erabilera kolektiboei eta erabilera hauek izan ditzaketen ondorio kolektiboei erreparatuko diegu. Galdera beraz hau da: ze erabilera egiten dugu gure jaietan? Aberastu edo amildu egiten gaitu?

Esan dugun moduan drogak, jaiak bezala, aisialdirako eremua izan dira askotan; drogen erabilera sozialak pisu asko izan du eta badu. Harremanak egiteko, astean zehar pilatutako nekea lausotzeko, finean ebaditzeko, ihes egiteko, deskonektatzeko. Egun, ordea, muturreraino eraman da drogen kontsumoa sistematizatuz, apatia eta satisfazio sentsazio faltsua sustatuz. Esaten dute orain arteko droga kontsumo altuena ematen ari dela momentuan, zerk ahalbidetzen du hori? Sistema kapitalistaren zigilu diren abiadura, ustiapen basatia, mugikortasuna eta kontsumo neurrigabeak. Droga legal zein ilegalen atzean dagoen negozioaz gain etekin soziala ere ateratzen du kapitalismoak. Drogen erabilera soziala jada ez da herria egitea, ez da sozializazioa, ez da normaltasunarekin etetea; drogak gure egunerokotasunaren parte diren momentutik efektu sedantea, lasaigarria, hartzen dute. Lanean edo drogatuta nahi gaituzte, lanean edo lotan.

Gure jaietan ematen den kontsumo konpultsiboa astebururo gertatzen denaren isla baino ez da. Alkohola finantziazio iturri nagusitzat dugun honetan alkoholaren kontsumoa sustatzen dugu herri mugimenduek, eta honekin lotuta kontsumo arduragabea eta gehiegizkoa, gaua jaietako espazio zentral bilakatzea, droga ilegalak kontsumitzea; eta nola ez, desfasean murgildurik denak balio duenez, emakumeenganako indarkeria mota guztiak ematen dira jai eremuetan. Salbuespen askorekin, baina gure jaiek ere sistema kapitalistaren mesedetan jarduten dute.

Jai herrikoak, herria egiteko, harremanak sendotzeko, ondo pasatzeko, autogestioa eta antolakuntza praktikan jartzeko eta espazio askeak sortzeko izatea nahi izatekotan berrikusi beharko genuke zenbat etekin ateratzen dugun alkohola eta gaua jaietako ardatz bilakatzerakoan eta zenbat kalte eragiten dion eskuartean dugun suntsitze eta eraikitze prozesuari, eta ezinbestean prozesua bera bezain garrantzitsua den subjektuari. Guk ahalbidetzen dugu jaiak espazio aske eta askatzaileak izan beharrean sistemaren beste pieza bat izatea, eta gu gara hori saihestu dezakegunak.

Advertisements

administratzailea -ri buruz

zirikatzen
Post hau Jai ereduaz hausnartzen atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.