Instituzioak

Jai ereduaren hainbat gako aipatu eta hausnartu dira jada, baina jaien antolakuntzaren inguruan hitz egitean ezinezkoa da instituzio publikoekiko harremana ez lantzea.

Mahai gainean jarri beharreko lehenengo faktorea Euskal Herrian bizi ditugun errealitate desberdinak dira. Desberdintasunak instituzioekiko harremana pentsatzeko hainbat alderditan ematen dira: jaien antolakuntzan instituzioek betetzen duten papera (bat ere ez, lagundu, trabak jarri, dena antolatu); instituzioaren gidaritzan dagoen alderdi politikoaren jokabidea; baldintzatzeko, behartzeko herri mugimenduak daukan indarra; udalerriaren tamaina (Bilboko jaiak eta Bilboko auzo txiki bateko jaiak ez dira gauza bera); jaietan biltzen den jende kopurua (tamaina berdina edo oso antzekoa izanda ez da gauza bera Lekeitioko Antzarrak eta Galdakaoko jaiak); instituzioek eta sistema berak izan ditzaketen interesak jai zehatz batzuen oihartzuna dela eta edo lekuaren errealitate sozio-politikoaren araberako erabaki hartzeak (Deustuko jaiekiko udaletxeak daukan zorroztasuna ez da Bilboko hainbat auzotan ematen).

Edozein dela errealitatea ere, instituzioen eragina handia izan daiteke jaiak antolatzeko garaian: espazioak erabiltzeko baimenak instituzioen esku daude; ordutegiak markatzeko eskumena ere instituzioen esku dago; beharrezkoak diren hainbat azpiegitura lortzeko erraztasunak edo trabak jarri ditzake.

Guzti hau kontuan izanda eta aurreko artikuluetan zehaztutako autogestioaren bideari helduta, jaien antolakuntzan gure jarduna instituzioen papera ahal bezain beste gutxitzera (desagerraraztera ahal izanez gero) bideratu beharko litzateke. Instituzioei exijitu beharreko gutxienekoa oztopoak ez jartzea litzateke: baimenak ez ematea, kontrol itogarria, isunak, azpiegitura lortzeko trabak.

Eta oztopo guzti hauek betearazten dituzten segurtasun indarrak ezin ditugu aipatu gabe utzi. Esperientziak erakutsi digu poliziak jaiak baldintzatzeko gaitasun handia daukala (presoen argazkiak, presio eta probokazioak…), batzuetan epaitegien laguntzarekin (Txori barrote eta Kaskagorri). Kasu askotan esku-hartzea ekiditea ez da gure esku egongo, baina egoera kudeatzeko ardura bai. Beste batzuetan ordea, jai antolatzaileen esku egon daiteke presentzia polizialaren inguruan erabakitzea.

Edozein dela kasua ere, paperen bat al dauka poliziak jaietan? Beharrezkoa al da? Jaiak gune aske bezala irudikatzen baldin baditugu, gure ustez erantzuna argia da, ez. Sistema kapitalistaren balioekin bateraezinak dira jai herrikoiak, eta segurtasun indarrak orden kapitalistaren zaindariak diren heinean, gure jaietan ezin dute lekurik izan.

Baina, guk beteko dugu orduan poliziaren papera? Ez da gure nahia. Eta horrek jai guneak segurtasun gabeko guneak bihurtzen ditu? Jaien antolakuntzaren barnean kudeatu beharreko beste lan bat bezala irudikatzen dugu guk segurtasuna, hau da, edozein motako erasotik (emakumeen kontrakoak, homofoboak, arrazistak…) libre egongo den gunea sortzeko ahalegina. Beti ere segurtasuna bermatze aldera eta ez interes ekonomiko jakin batzuen defentsan aritzeko, gureak badira ere. Gai garrantzitsuegia da poliziaren esku uzteko. Jaien eta edozein gune askeren kontrola herriaren ardura da.

Instituzioen papera ahal bezain beste gutxitzea helburu dugula esanda ere, ezin dugu ahaztu herritarrok mantentzen ditugula instituzioak, eta bertan kudeatzen diren baliabideak publikoak direla. Hein horretan, instituzioak eskura dituen baliabideak edota hauek izateko parada herritarron mesedetan, eta beraz jaien antolakuntzaren mesedetan, egon behar dutela. Guzti hau egia bada ere, ezin dugu ahaztu zapaltzen gaituen sistemaren instituzioak direla, edozein delarik ere instituzioetan dagoen alderdi politikoa.

Gure jai ereduarekin, beste helburu batzuen artean, herri boterea irudikatzen eta garatzen hasi nahi baldin badugu, instituzioekiko harremana jaien antolakuntzaren independentzian oinarritu beharko da. Beti ere lekuan lekuko indar harremanetan, gaitasunean, kontzientzia mailan azken finean errealitatean oinarrituz. Hori bai pausu taktikoak helburu estrategikoetan itxuraldatu gabe, hau da, markatzen ditugun helburuen iparra galdu barik.

Advertisements

administratzailea -ri buruz

zirikatzen
Post hau Jai ereduaz hausnartzen atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.