Autogestioa eta herri mugimendua

Gaur egun jai herrikoien eragile garrantzitsuena herri mugimendua da, beraz, sekulako erantzukizuna daukagu. Baina aldi berean, jai eredua bideratzeko gaitasuna ere badugu. Herri mugimenduaren jaiekiko harremana hain da estua non ezin ditugun gauzak lehen egiten ziren moduan egin “beti horrela izan delako”. Zein motatako jai eredua eraiki nahi dugun gure esku dago eta bere etorkizuna ona izan dadin gure ardura da. Begiak ixtea eta ardura hori ez hartzea Euskal Herriari oso garesti atera ahal zaion koldarkeria da. Beraz, ezin dugu onartu gogogabetasun hori.

Oinordetzan jaso dugun jai eredua autogestioan oinarritzen da eta horri ezin diogu uko egin. Ezaugarri hauek jai eredua gune librea bihurtzen dute, zeinetan kolektiboek haien ikuspegia praktikan jar dezakete. Hori eginez, nola ez, kontraesanak eta oztopokoak topatzen dituzte. Izan ere, jaien antolaketa errealitatearen isla da eta hor kolektiboek zein militanteok aurrera pausoak eman eta asko ikas dezakegu.

Jai herrikoien ereduak, autogestioa oinarritzat hartuta, beste motako kolektibo zein pertsonekin lan egitera behartzen gaitu. Ziur aski eremu hau ez balego ez genuke izango harreman hauek egiteko horrelako aukerarik, beraz, gune honetaz baliatu behar gara. Eremu honek ahalmen izugarria dauka, lan guztiak, izerdiak, arazoek, nekeak, malkoek eta irribarreek… sare soziala indartzen laguntzen baitute eta sare horrek sortzen baitu herri mugimenduaren oinarria. Lanari esker beste esparruetako jendea ezagutzen dugu eta konfiantzazko harremanak sortzen ditugu.

Baina guzti hau bizirik mantentzeko errealitatea ulertzeko gai izan behar dugu eta hausnarketa on batetik abiatu behar gara jai eredu egoki bat proposatzeko. Eta horrek ez du esan nahi jai eredua errealitatera moldatu behar dugunik kapitalismoan sartuz, baizik eta jai eredua egokitu behar dugula errealitatea aldatzeko.

Jai eremua kontra-botere gune bat izaten jarrai dezan etengabe egokitu behar dugu, soilik konfort zonaldetik ateratzen garenean ematen baititugu aurrerapausoak. Une horietan kontraesanak areagotzen dira eta konfrontazioak sortzen, bai barne mailan bai kanpoan. Mugimendua dagoenean saihetsezinak dira hauek eta ondo kudeatzen eta hausnartzen badira jai ereduaren etorkizuna bide onera joango da.

Testuinguru honetan autogestioa jai ereduaren gako bilakatzen da. Merkatu kapitalistaren aurrean eta esfortzu minimoaren kulturaren aurrean borondatezko lanak elkartasunezko ekoizpen eredu independente bat sortzen du. Bi kolpe ematen dizkio kapitalismoari, alde batetik harreman kapitalistak desegiten ditu (eredu honetan ez dago ez ustiatzailerik ez ustiaturik). Bestalde, burujabetza profitatuz independentzia handia lor dezakegu instituzioen mendekotasunetik ateratzeko.

Ernesto (Che) Guevarak esaten zuen borondatezko lana kontzientzia sortzeko eskola bat dela eta faktore nagusiena kontzientziaren garapenean. Askotan gure lana soilik kanpoko emaitzak baloratuz neurtzen dugu (jende asko etorri da? Dirua atera da?) baina barneko garapenaren garrantzia baztertzen dugu. Sortzen eta indartzen diren harremanak, lan egin dugunok ikasi duguna eta zenbat hobetu diren kolektiboak adibidez, kontuan hartu beharreko faktoreak dira.

Barne mailan autogestioa eta borondatezko lana baloratzearen garrantzia ikusi behar dugu, eta ez hori bakarrik, kanpora adierazteko gai izan behar dugu. Askotan kanpoko jendeak ez du jakiten gure lana nolakoa den ezta zergatik edo zertarako egiten dugun. Zenbat pertsonak uste dute txosnan txanda egiten daudenek dirua irabazten dutela?Gure lana harrotasunez erakutsi behar dugu, besteek balora dezaten eta alaitasunez gurekin parte hartu nahi dezaten.

Eremu honetan, jai eremuan, gure lanarekin disfrutatzeak garrantzi handia du eta oso garrantzitsua da ere alaitasunez hori gizarteari erakustea. Herriarekin lotura estua lortzeko eta proiektu erakargarriak garatzeko gu geuk disfruta dezagun ezinbestekoa da. Kezkak, beldurrak, urduritasuna, amorrua eta gauza asko gehiago pairatuko ditugu, militantziaren zati bat da eta, baina sufrituko dugu merezi duela eta horietan sinesten dugula jakinez.

Advertisements

administratzailea -ri buruz

zirikatzen
Post hau Jai ereduaz hausnartzen atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.