Jaiak zeratarako?

Jaiez hitz egitean uste dugu garrantzitsua dela argi izatea zeintzuk diren jaiek dituzten helburuak, hauek argi izanda errazago izango delako jaien egoera aztertzea eta zer aldatu behar den erabakitzea. Atal honetan kapitalak eta patriarkatuak dituzten helburuez eta guk ditugunei buruz hitz egingo dugu.

Kapitalak eta patriarkatuak, beste esparru guztietan bezala, bere helburuak inposatu nahi ditu jai esparruan ere. Esan dezakegu kapitalak jaietan bi helburu nagusi dituela: jaia kontsumora bideratutako espazioa izatea eta jaiak astean zehar pilatutako tentsioa deskargatzeko mekanismoa izatea. Jaiek helburu sozial oso garrantzitsua izan dute eta izaten jarraitzen dute. Gizakiaren eta jendarteen historian eta garapenean jaiek eta ospakizunek garrantzia handikoak izan dira. Herri eta garai guztietan jaiak izan dira urte osoko datarik esperoena. Izan ere, data berezi horiek inguruan bizi ziren pertsona guztien elkargune bilakatzen ziren, erlazioak egiteko eta estutzeko momentuak ziren, herria egiteko momentuak azken finean, jaien helburu eta funtzio soziala argiki erakusten duena.

Esandakoa, jaien funtzio soziala herria egitea dela alegia, herri txikietan oso agerikoa dela pentsatzen dugu. Jaietan herri osoa batzen da bere jaiak ospatzeko eta era honetan herriko pertsonen arteko harremana asko estutzen da. Gainera herriaren herri-kontzientzia indartzen da. Herri-kontzientziaren bitartez herritarron arteko harremanak hurbilagoak izatea lortzen da haien arteko elkartasuna hazteko eta sendotzeko aukerak handituz. Horrekin batera herriak jaiak antolatzen dituenean, herriak elkarlanean aritzean herria are gehiago batzen da.

Jaien beste helburu bat herria harremantzea da. Hau duela hamarkada batzuk askoz agerikoagoa zen ez zeudelako harremantzeko aukera askorik eta horregatik herriko jaiak izugarrizko garrantzia zuten. Betidanik, jaiak lagunak eta bikoteak bilatzeko erabili dira, horren arrazoia gure gizartean erabiltzen den “lubrikadore soziala” da, alkohola. Jaietan alkohola edatean pertsonen arteko harremanak errazagoak izatea lortzen da eta horregatik jaiak harremanak egiteko espazioa bihurtu dira.

Horretaz aparte, jaiak ondo pasatzeko ere erabiltzen ditugu. Argi dagoenez jaien helburu bat herria ondo pasatzea da, jaietan dagoen eskaintza kulturalarekin eta espazio horretan sortzen diren harremanekin. Gainera, jaiak urte osoan lan egin eta geroko saria dira, jaietan urte osoko eguneroko bizitza alde batera uzten delako eta herriak ondo pasatzean zentratzen da.

Jaien beste helburu bat herrietan gertatzen diren gauzak ikusaraztea da. Jaietan herri mugimenduaren aldarriak eta proposamenak adierazten dira. Jaietan herri oso batzen denez momentu oso aproposa da aldarriak kalera ateratzeko eta urtean zehar aurrera eramaten diren borrokak ikustarazteko. Horretaz aparte, herri mugimenduan lan egiten duten pertsonak ezagutzeko eta konpartsen bidez jendea herri mugimenduetara hurbiltzeko ere erabiltzen dira jaiak.

Gainera jaiak lekuan lekuko adierazpen artistiko eta beste adierazpen mota batzuk ezagutzeko balio dute, adibidez, herriko musika taldeak ezagutzeko espazio bat dira edo kirol taldeen jarduna ikusteko.

Beraz esan dezakegu jaiek jendartean paper oso garrantzitsua betetzen dutela batez ere harremanen eta arlo sozialaren barnean. Jaiek herria batzea lortzen dute eta horrek normalean ondorio positiboak dakartza.

Advertisements

administratzailea -ri buruz

zirikatzen
Post hau Jai ereduaz hausnartzen atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.