Herritik eta herriarentzat

Jaiak norentzat diren pentsatzerakoan beti datorkigu burura “herritik eta herriarentzat” leloa. Ohikoa da herrikoiak izatearen aldarria egitea. Baina, jai herrikoiak munduko edozein txokotan eman ahal dira eta jendartearen edozein alderdik sortutakoak izan ahal dira, hots, “fiestas populares” deritzotena. Horren adibide dugu “el toro de Tordesillas”, berez jai hau herrikoia den arren ez du guk jarraitu nahi dugun eredua inondik inora ere bermatzen. Beraz, “herrikoi” izena motz geratu zaigu eta “parekide, euskaldun, parte-hartzaile…” bezalako abizenak jarri dizkiogu kontzeptu honi. Hala ere, jaiak ez dira benetan gustatuko litzaigukeen bezain parte-hartzaile, euskaldun, parekide, ekologiko, autogestionatu ezta herrikoiak.

Urteetan zehar eredu bat jarraitu izan delako, urteekin, diru iturriak handitzeko aldatuz joan dena baina gaua erdigune beti izan duena. Gainera, eredu hau ez du herria ardaztzat hartzen. Adibidez, hainbatetan gertatu izan da jaiak jendea erakartzeko antolatzen direla, kanpoko jende ahalik eta gehien joan dadin eta horrela diru-sarrerak handitu daitezen, herrikoak bertan bigarren plano baten utziz.

Beraz, gaua abiapuntutzat harturik, jaia adin tarte batera mugatzen da. Baina guzti hau gaur egungo jendarte zein sistemak sortzen du. Gazteek nahi dutena gauean topera irten eta desfasatzea da, eta hurrengo egunean etxean gelditu herriko jardueretan parte hartu gabe, berriro gauerako deskantsatzen. Herri izaera galtzen ari da eta gero eta indibidualistagoak garen heinean jaien helburu bakarra norberaren dibertsio zein desfasea bilakatu dira. Gainera, honek egunean zeharreko ekintzetara jende gutxi joatea dakar, beti gazteak edo gazte bizimodua daramatenak eta pentsaera politiko antzekoetakoak, ezkertiarrak alegia.

Haurrentzat ere tailerrak egiten diren arren, oso gutxi joaten dira eta ez dira ikusgarriak izaten, haien presentzia jaietan minimoa da. 40 urtetik gorakoekin, etorkinekin, aitona-amonekin… berdin gertatzen da, ez ditugu jaietan ikusten ez delako programazioan ahalbidetzen haiek ere jaiak haienak sentitzea.

Honen ondorioz, herri eta auzo batzuetan jaietako parte hartzea gutxitzen ari da. Gero eta jende gutxiago mugitzen da antolaketan, eta, beraz, txosna zein eguneko jardueren kopurua ere gutxitu egin da leku askotan. Hau aldatzeko bidean, uste dugu ezinbestekoa dela egungo jai ereduaz eta etorkizunean izan nahi dugunaz hausnartzea.

Advertisements

administratzailea -ri buruz

zirikatzen
Post hau Jai ereduaz hausnartzen atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.