Ospakizunen bilakaera

Gaur egun Euskal Herrian ezagutzen dugun jai eredua, nahiz eta imajinario kolektiboan betikoa izan, 70reko hamarkadaren bukaeran sortu zen, Francoren hilzoriaren urteetan. Nola ez, bere izaera momentu horretako egoera soziopolitikoaren ondorio bat da. Gaurko egoera oso ezberdina da, orduko testuinguruan herri mugimendua irakiten zegoen, zehazki, auzo elkarteek indar handia zeukaten. Garai hartan auzo mugimenduan jendetzak parte hartzen zuen eta ia auzokide guztien babesa eta ilusioa izaten zuten.

Aldi berean, munduan zehar herri borrokaren egoera oso indartsua zen. Esaterako; ekialdean Sobietar Batasuna munduko bigarren potentzia zen; Herrialde asko bere independentziaren alde borrokatzen zebiltzan; Eskubide zibilak lortzeko borroka asko martxan zeuden eta gerrilla iraultzaile pila zabalduta zebiltzan hamaika estatutan. Jarraitzeko eredu asko zeuden eta aldaketa gauzatzeko itxaropena giroan nabaria zen.

Testuinguru honetan auzo elkarteek gaur egun jai herrikoitzat ezagutzen ditugun jaiak sortu eta bultzatu zituzten. Frankismoan 40 urte pasa eta gero, jai herrikoiak bi zentzutan askatzeko tresna bat bihurtzen ziren. Alde batetik emozionalki, oinarrizko emozioak adierazteko aukera zabaltzen baitzen. Eta beste aldetik kulturalki, euskal kulturaren eztanda sortu baitzen, bai musikalki bai beste arlo askotan. Lehengo jai herrikoiak langile klasearen aske gune bat izan ziren.

Oinarrizko askatasun sentimendu horrek, ideologikoki, goi mailako erakunde eta militanteen eragina nabaritu zuen eta metaketa horretatik gaur egungo herri mugimenduaren eredua sortu zen. Arlo honetan, ideologia eta konpromiso maila desberdina zeukaten pertsona askok soinez soin borrokatzen zuten helburu komun batzuk lortzeko. Herri parte-hartzea, autogestioa eta euskal kultura berreskuratzea eta bultzatzea helburu garrantzitsuenak zirela esan liteke.

Lehenengo urteetan zehar auzo elkarteak izan ziren jai herrikoiak eraikitzen zituztenak, baina denbora gutxitan kolektibo eta erakunde politikoagoak zirenek lekukoa hartu zuten eta haiek jarraitu zuten jai herrikoiei bizitza ematen. Urte gutxitan Euskal Nazio-Askapenerako Mugimendua (ENAM) Euskal Herriko masa-mugimendurik garrantzitsuena eta herri mugimenduaren erreferentea bilakatu zen.

80. hamarkadan gatazka soziala oso altua izan zen, trantsizioa iruzur bat zen eta Frankismoaren Estatu egiturek aldatu gabe jarraitzen zuten. Testuinguru honetan langile-borrokek, gatazka armatuak eta hamaika sektore-borrokek jai ereduari eragin zioten. Borroka, arlo guztietan eman behar zen eta jaiak ez ziren salbuespena.

Jaietan ematen zen borroka zentzu desberdinetan garatu zen. Esate baterako, hegemonia kulturala irabazteko zein mezu politikoa zabaltzeko erabili zen, eta bestalde, herri borrokak finantzatzeko ere baliagarria izan zen.

Borrokaren areagotzearekin batera, behar zehatz batzuk sortzen dira eta hauekin jaien instrumentalizazioak protagonismoa irabazten du, herritarren parte-hartzea bigarren plano batean utziz. Instrumentalizazio hau oso garrantzitsua izan zen ENAM-aren helburu nagusiak (Independentzia eta sozialismoa) lortzerako orduan. Gainera, langile klasearen eta borrokaren arteko lotura ezartzeko ere balio izan zuen.

Urteak pasa dira eta jende askok galdetzen du ia jai eredua agortuta dagoen, eta normala da ikusita gaur egungo errealitateak ez daukala duela 40 urtekoarekin inolako zerikusirik. Gaur egun, herri-borroka ez da lehen bezalakoa eta ez ditu behar berdinak. Gainera, parte-hartzea sustatzen ahalegintzen garenean ikusten dugu auzo zein herri-mugimenduek ez dutela 70eko hamarkadakoekin zerikusirik ez kualitatibo ez kuantitatiboki. Herri parte-hartzearen eta autogestioaren kultura oso degradatuta dago. Bestalde, egoera internazionala guztiz ezberdina da eta kapitalismoa duela 40 urte baino askoz hegemonikoagoa. Ez ditugu beste herrialdeetan alternatibak eraikitzera animatzen gaituzten ereduak ikusten.

Dialektikak erakusten digu dena aldatzen dela, ez dagoela ezer guztiz egonkorra historiaren leku ez momentu batean bez, eta beti egin duguna egiten jarraitzeak ez digu beti funtzionatuko. Gure aurrean beldur bezain aukera beste ditugu.

Advertisements

administratzailea -ri buruz

zirikatzen
Post hau Jai ereduaz hausnartzen, Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.