Jaien bilakaera

Gai honen inguruan -jaiak- egin genituen jardunaldietan, zein zenbaki honetan, erdigunean jarri eta jarriko ditugu Jai Herrikoiak, gure jaiak. Gu geuk prestatzen ditugun jaiek arlo ezberdinetan dituzten indar-gune eta ahulguneen inguruan hausnartzea izan dugu eta dugu helburu. Baina nondik datoz jaiak? Ze paper sozial, erlijiotsu edo dena delakoa bete dute ospakizunek historian zehar? Zein izan da ospakizun eta jaien bilakaera? Lagungarria delakoan goazen ospakizunen bilakaera aztertzera egungo jaien inguruan hausnartzen hasi aurretik.

Urteak eta urteak egin behar ditugu atzera jendarte animistez hitz egiteko. Jendarte animistetan jendartearen ekoizpen materiala eta sinbolikoei guztiz lotua zeuden jaiak. Naturaren zikloak ziren ospakizun eta otoien ardatza: uztaren hasiera edo bukaera eta eguzki edo euriaren jainkoei otoiak adibidez. Komunitatearen ordena mantentzea zuten helburu edo funtzioa jaiek, hau da, errutina apurtuz herria kohesionatzea lortzen zen ospakizunen bidez.

Kristautasunaren hedatzea eman zenean berriz, elizak euren intereserako fagozitatu zituen data esanguratsuak. Jaiak herria egiterakoan jokatzen zuten paperaren garrantziaz jabeturik, jendartearen ekoizpen material eta sinbolikoak euren mesedetan zioan baldintza eta egitura sozialetara moldatu zituzten. Modu honetan, ospakizunek momentura arte betetzen zituzten funtzio sozialak kontrolatzea lortu zituen elizak.

Historian jauzi bat eman ez gero kapitalismoak elizak egin zuenaren antzeko zerbait egin zuela esan genezake. Jaiak kapitalismoaren parametroetan emateak sistema honi komeni zaizkion eredu, kultura eta sozializazio moduen erreprodukzioa sustatzen du. Kontsumismoa, masa kultura, espazio publikoen pribatizazioa eta indibidualismoa direlarik batik bat gailentzen diren ezaugarriak.

Baina herriak berak badaki jaien funtzio sozialaren garrantzia neurtzen eta hauetaz birjabetzeko ahaleginak konstanteak dira. Herriak beti sortu ditu inposaketetatik aldentzen diren espazioak, eta oraingoan ere herriaren autogestioaren, indarraren eta elkarlanaren isla diren Jai Herrikoiak antolatzen dira Euskal Herrian. Lehen esan bezala, hauek izango dira hain justu gure eztabaidagaia.

Advertisements

administratzailea -ri buruz

zirikatzen
Post hau Jai ereduaz hausnartzen, Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.