Free Bilbo Bizkaiko Hitza aldizkarian

Zirikatzen kolektiboak kaleratu berri duen aplikazioak Bilbori buruz ematen ez den informazioa zabaldu nahi die turistei eta bertokoei. Baliabidea auzoetatik osatuko den esperantza du Iker Aroztegik (1978, Barakaldo).

#BIZKAIKO HITZA

Zer da Free Bilbo?

Sakelako telefonoentzako aplikazio bat da, eta Bilboko bi ibilbide jasotzen ditu. Ideia da baliabide bat izatea Bilboko hiria ezagutzera datozenentzat edo Bilbokoak izanda ere hiria hobeto ezagutu nahi dutenentzat.

Hamaika gida daude Bilbo ezagutzera begira eginda. Zergatik beste bat?

Gu Zirikatzen kolektibokoak gara. Formakuntza eta komunikazioa lantzen dugu. Ikusi dugu Bilbok izan duen garapena hirigintzaren aldetik eta jarduera ekonomikoaren aldetik; ikusi dugu, hiri industrial bat izan ondoren, orain zerbitzuetan oinarritutako hiri bat garela, eta horrek eragin handia izan duela bertako bizitzan. Konturatu ginen erakusleiho baten modukoa dela esku artean genituen gidek erakusten duten Bilbo. Azken batean, Bilbo ezagutzera datozenak ez direla Bilboren benetako irudi batekin joaten: ez dute Bilboko historiaren berri izaten; askotan ez dakite Euskal Herrian daudela ere, euskal kultura bat dagoela… Alor asko ezkutatuta geratzen dira gida horietan guztietan. Aplikazio honekin jarri nahi izan dugu bitarteko bat beste errealitate horiek azalarazteko.

Zein errealitate, adibidez?

Aztertu dugu Bilbora zein turista mota datozen, nongoak diren, zenbat denbora ematen duten bertan… Ikusi genuen turista gehienak egun baterako edo birako etortzen direla. Orduan pentsatu genuen ibilbidetxo bi egitea: bat Alde Zaharretik eta bestea itsasadarretik. Badaude leku batzuk gida liburuetan agertzen direnak eta guretzat ere interesgarriak direnak, baina guk beste ikuspegi bat eman diegu. Guggenheimi buruz, adibidez, museoa egiteak zer ekarri zuen azaltzen dugu: Bizkaiko artistak diru laguntzarik gabe geratu ziren hamar urte. Hori da benetan kultura sustatzea? Iberdrola dorrea ikusterakoan, multinazionalak zer diren, zergak ordaintzen ote dituzten eta halako hausnarketak egiten ditugu. Beste alde batetik, hitz egiten dugu okupazioaren inguruan, Bilbora historikoki egon den migrazioari buruz, historian zehar izan diren matxinaden inguruan, prostituzioari buruz, Poliziaren okupazioari buruz, Bilbon dagoen gaztetxe mapari buruz… Normalean Bilbora datozenek ezagutzen ez dituztenen inguruan arituko gara gu. Baita euskararen inguruan ere. Kale izendegietan ia-ia emakume izenik ez dagoela ere aipatzen diegu, eta dauden guztiak ama birjinen izenak direla… Halako gaiak azaltzen ditugu era oso labur batean.

Itsasadarraren ingurukoa da ibilbide bat. Zeintzuk dira geraleku nagusiak?

Casilda parkean hasten da ibilbidea. Hor hitz egiten dugu emakumeen historia ezkutatzen dela kale izendegietan. Itsasadar aldera joan, eta Euskalduna zubitik igarotzen gara, Euskalduna ontziolaren inguruan hitz egiteko. Iberdrola dorrea eta Deustuko Unibertsitatea ikusten ditugu, eta azaltzen dugu administrazio publikoek dirua barra-barra ematen dietela unibertsitate pribatuei. Guggenheim museoan ere geralekua dago. Gero, Eliptikara joaten gara, Kale Nagusira eta udaletxera. Funikularrean Artxandara igo, eta han amaitzen dugu ibilbidea. Bilboren ikuspegi oso interesgarria dago handik, eta han dago, gainera, 36ko gudarien omenezko eskultura.

Eta Alde Zaharreko ibilbidea?

Areatzan hasten da, eta hor azaltzen dugu itsasadarrak Bilboko historiaren garapenean duen garrantzia. Plaza Berrian euskararen inguruan hitz egiten dugu; han dago Euskaltzaindia. Unamuno plazara joaten gara, Etxebarrieta anaien plazara. Ondoan dago gaur egun Euskal Museoaren eraikina dena. Espainiako Poliziaren polizia etxea zen lehen, eta hor hitz egiten dugu polizia okupazioaren inguruan. Kalderapekotik igarotzen gara. Azaltzen dugu zergatik deitzen den Kalderapeko: emakumeek joan behar zutelako ura hartzera hango iturrira kalderoekin. Antzinako gaztetxe aurretik igaro, eta okupazioaren inguruan hitz egiten dugu. San Anton elizan hitz egiten dugu Gatzaren matxinadaren inguruan. Zubia pasatu, eta Bilbo Zaharrera iristen gara. Gentrifikazio prozesuak aztertzen ditugu, migrazioa, sozialismoaren hasiera Euskal Herrian… Kontatzen dugu beste puntu batzuetan auzo berezi horren historia, izan duen garapena… Bilbo Zaharreko plazatxoan amaitzen da ibilbidea, San Anton zubiaren ondoan, uste dugulako plaza oso atsegina dela.

Zein da proposamena: aplikazioa telefonora ekartzea eta horri begira norberak egitea ibilbidea?

Hori da. Zuk aplikazioa hartzen duzu, eta hor duzu informazio guztia; off line da. Aplikazioa hartuta daukazunean ez duzu Internet behar. Bertan daude Bilboko mapa orokor bat eta bi ibilbideak. Ibilbide bakoitzaren barruan daude puntuak markatuta, eta horien azalpenak. Sakelako telefonorako izanda, informazioak laburra izan behar du, eta hori konpentsatu nahian jarri ditugu esteka batzuk gai horiei buruzko informazio gehiago emanaz.

Oraingoz euskaraz eta gazteleraz jaso duzue informazioa, baina hizkuntza gehiagotara itzultzeko asmoa iragarri duzue.

Datorren turismoaren %60 edo %70 madrildarrak edo katalanak dira. Hasiera batean euskara eta gazteleraz egin dugu, baina eguneratzen ari gara, eta jarriko dugu galegoz, katalanez, ingelesez, frantsesez, italieraz eta alemanez.

Aplikazioa martxan dago?

Bai, bai. Google Play Store-n deskargatu daiteke.

Baduzue beste eremu batzuetara zabaltzeko asmoa?

Hau Zirikatzen kolektiboak egin du. Guk ez genekien ezer mundu honen inguruan, baina egin behar zela pentsatu genuen, eta ikasi dugu ikasi beharrekoa. Adibidea eman eta jendea animatu nahi dugu. Bestalde, beti saiatzen gara gauzak ahalik eta irekien egiten. Batetik, aplikazioa zabalik jarri dugu; gure web orrian izango da kodea zabalik, norbaitek erabili nahi badu. Demagun Iruñean norbaiti ideia ona iruditzen zaiola eta antzeko zerbait egitera animatzen dela; guk dugun guztia jendearen eskura jarriko dugu. Baldintza bakarra jarri dugu: horrekin inork ezin duela negoziorik egin. Hortik aurrera, edonork erabil eta molda dezake; baina aldaketa horiek guztiak ere irekiak izateko eskatu dugu. Bestetik, baliabide hau Bilboko auzoetara ere zabaltzen saiatuko gara. Hau aplikazio bat da, eta egunera daiteke; bada, osa dezagun denon artean. Guk Deustuko ibilbidea egingo dugu, seguruenik. Beste auzoren bat edo kolektiboren bat animatzen bada ibilbide bat egitera, guk sartuko dugu gure aplikazioan. Kontua da irekia izatea eta guztion artean osatzea.

Advertisements

administratzailea -ri buruz

zirikatzen
Post hau Free Bilbo atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.