UBDG elkarrizketa

Errepresioaz luze aritu gara orain arte eta herri honetan errepresioaren aurka eman diren erantzun batzuk ere aztertu ditugu. Deustun ere baditugu errepresio kasu zehatzenUBDG aurka lan egin eta egiten dutenak, Grebalariak Aske! plataforma adibidez; eta momentuan Utzi Bakean Deustuko Gazteria, errepresioa ikusgaiago egiteko eta honen aurrean prestatzeko helburu duen taldea dugu herrian.

 

Noiz eta zergatik hasi zineten lanean?

Pasadan urtean erdian edo hasi ginen. Ideia ernaitik etorri zen, ikusten zutelako eraso gogorrei ematen ziren erantzunak jendetsuak izaten zirela baina ez zegoela errepresioaren gaia era sakon batean lantzen zuen talderik; eta batez ere beharrezkoa ikusten zen gazteak errepresioaren inguruan informatzea. Asanblada ireki bat deitu zen eta hortik aurrera motorraren lana egin zuen taldetxo batek deitu zituen hurrengo asanbladak, hogeita bost lagun inguru biltzen ginelarik. Irakurketa bat egin genuen, irudia, protokoloak finkatu genituen eta lanean hasi ginen.  Momentu horretan herriko bi gazte Iñigo Cabacasen erailketa salatzen zuten kartel batzuk jartzeagatik epaitu zituzten, eta horren jarraipen txikia egin genuen, biak absolbitu zituzten. Martxoak 3an eta ondorengo egunetan egin zituzten atxiloketetan Deustuko lau gazte atxilotu zituzten, euren artean adin txikiko bat; eta apirilean txiolarien sarekada gertatu zenean, adin txikikoa berriz atxilotu zuten. Horrekin hasi ginen astiro luzerako zela pentsatu genuelako, eta ikasturtearen bukaeran grebalarien auzian beste errekurtso bat presentatu zuen fiskaltzak eta bi urte eta erdiko zigorra eskatu zieten Telle eta Urtziri,  Grebalariak Aske plataforma martxan jarri zen berriz eta gu gure lana eten genuen indar guztiak bertan jartzeko. Besarkada bat Urtzi eta Telleri.

Etenaldi bat egin zenuten eta berriro hasi?

Bai. Martxa hartzea kostatu egin zaigu egia esan, ikasturte berria hasi zenean gu ez geunden lanean, azaro aldean ber hartu genuen, baina pasadan urtean asanbladetan zegoen jendea asko deskolgatu egin zen, urte batetik bestera pertsonen egoera asko aldatzen da. Aurten asanbladen adina baxuagoa izan da eta gero eta jende gutxiago joan da etortzen denbora pasa ahala. Guri ere asko kostatu zitzaigun martxa hartzea eta asanbladaren bat bertan behera utzi behar izan genuen, eta horrek dena moteldu du.

Nola antolatzen zarete momentu honetan orduan?

Ba esaten ari ginen moduan gero eta jende gutxiago etortzen zen asanbladetara eta askenean ikusi dugu zortzi pertsona gaudela gutxi gora behera modu iraunkorrean lan egiteko gogoz. Azkenean motorra eta asanblada fusionatu genuen ez zelako erreala, eta orain talde bat bezala funtzionatzen hasi gara.

Zenbat auziperatu daude momentuan Deustun?

Hamahiru. Baina zenbakia etengabe doa aldatzen. Epaiketa batzuk luzeak izaten dira, baina beste batzuk nahiko arin egiten dira. Batzuk kausa zaharrengatik epaitzen dituzte, herrirako kide izateagatik, Segiren ilegalizazioa salatzeagatik, Gazte Danbadan Xabier Lopez Peñaren erailketa salatzeagatik, twitterren idazteagatik, Martxoak 3an  Bilbo egin zen Foro Ekonomiko Mundialekoei ongi etorria ez emateagatik, kartel batzuk jartzeagatik, edo azkena gogora ekarriz, EPPK-ko abokatuak izateagatik. Hautatik bost edo sei gazteak dira. Baina gauza ez da zenbakia edo adina, gauza da sistemaren maltzurkeria ikusgaiago egitea; urtez urte zenbakia eta aurpegiak aldatzen doaz, baina errepresioak ez du etenik. Errepresioa sistema kapitalistak bere iraupena bermatzeko erabiltzen duen tresna bat delako, sistematikoki eta helburu zehatzekin erabilia gainera. Euren sistema kolokan jartzen duen orok pairatu dezake errepresioa.

Eta egoera honen aurrean zer bururatu zaizue egitea?

Ba ezer berririk ez. Lehenik eta behin gertatzen diren errepresio kasuak salatzea eta hauei erantzutea da gure helburua, kanpaina orokorrak eginez, hau da, auziperatu guztiak barnebilduz; eta atxiloketa bat gertatzean  edo epaiketak hurbiltzen doazenean kanpaina indibidualagoekin. Azken hau beharren arabera eta kasuen salaketa egiten duten eragile edo plataformekin elkarlanean, egotekotan. Azkenean egin nahi duguna informatzea da: zenbat auziperatu daude, kasuen jarraipena egitea eta errepresioaren inguruan irakurketa orokorra egitea. Eraso guzti hauek dinamika beraren barruan daudela irudikatu nahi dugu.

Zertan zabiltzate orain orduan?

Ba momentu honetan jardunaldi batzuk prestatzen ari gara Zirikatzen!ekin, esan dugun moduan errepresioaren inguruan informatzeko eta hausnartzea da gure helburua. Testigantzak, informazio praktikoa eta hausnarketa nahastu nahi ditugu jardunaldietan. Hortaz aparte propaganda orokorrarekin hasteko asmoa dugu, adibidez koadrotxo batzuk jarri nahi ditugu tabernetan herriko auziperatuen informazioarekin auzien jarraipena egiteko.  Oraingoz horretan aritzeko asmoa dugu atxiloketaren bat edo auziren bat aurrera ez doan bitartean. Baina seguruenik urte honetan mugimendua egongo da hainbat auziperatuen prozesu judizialetan eta horretan pentsatzen ere hasi behar gara, martxoak hiruko auziperatuak, gazte danbadako auziperatuak… Guk Deustun oihartzun ahalik eta handiena izatea nahi dugu, eta horretan ibiliko gara; beti ere beharren arabera eta kanpainak beharrik gabe solapatzea galaraziz. Bururatu zaigu ere legislazioan egiten ari diren aldaketekin sartzea eta seguruenik hori jardunaldietan landuko dugu.

Eta egiten ari diren legislazio aldaketa horiek nola baloratzen dituzue?

Bueno esan beharra dago errepresioari dagokionez Euskal Herriak ez duela esperientzia txikia, eta hemen pentsaezinak ez diren gauza asko gertatu eta gertatzen dira. Legislazio aldaketak seguruenik hemen bizi den salbuespen egoeraren orokortzea ekarriko du oraingoan motibo ekonomiko eta sozialengatik inoiz baino gehiago. Kapitalismoa basatia da eta egun kapitala inoiz baino gehiago jartzen ari da gizabanakoen gainetik. Jendea nazkatzen hasia da berriz eta erantzunak areagotu egin dira azken urteetan, honek ezinbestean legislazio aldaketa eta ley mordaza delakoa ekarri ditu, baina argi dago hau ez dela azkena, eta hurrengoa lotsagarriagoa izango dela. Oso kontziente dira herritarren egoera ez dela aldatuko eta ez dute aldatzerik nahi, gu itotzeak mantentzen dituelako ur-azalean, eta herriaren erantzunei erantzuteko errepresioa eta beldurra baino arma hoberik ezin dute izan. Horregatik ikusten dugu egin dezakegun gauza bakarra honen aurrean prestatzea, informatuta egotea eta segurtasunez jardutea dela.

Eta bukatzeko beste zerbait esan nahi duzue?

Ba jendea animatzea jardunaldietan parte hartzera, gurekin lan egitera edo dena delakoa. Eta gure leloetako bat gogora ekarriz, esatea merezi duela, borrokatzen jarraitu behar dugula eta honekin batera errepresioa ezagutzea ezinbestekoa dela.

Advertisements
Post hau Errepresioa atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.