MOVISTARREKO LANGILEEKIN ELKARTASUNA, GORA LANGILE KLASEAREN BORROKA

Telefónica-Movistar-eko kontraten, azpikontraten eta autonomo bezala lan egiten duten teknikoek 58 egun daramatzate greba mugagabean. Telefónica-Movistar-ek milaka milioiko irabaziak dituen arren, eta bizi dugun “krisia” (gutxi batzuk irabaziak metatzen segitzeko martxan jarri diren politikak definitzeko erabiltzen den eufemismoa) aitzakia hartuta, eskaintzen dituen kontratuak gero eta eskasagoak dira. Eta azkenean, beti bezala, lana aurrera ateratzen dugunon gainean erortzen dira egoeraren ondorio lazgarriak: 10 eta 12 orduko lan egunak, zazpi egun astean, mila eurora heltzen ez diren soldatak…

Egoera honen aurrean, eta jakitun izanda ez dela soldatapeko lan munduan bizi diren egoerarik txarrenak (eta zer esan soldatapeko lanik eta/edo inolako diru sarrerarik ez daukatenen inguruko egoeraz…), garrantzitsua ikusten dugu langile hauen borroka babestea eta laguntzea. Horregatik, Bilboko hainbat eragilerekin batera, atzo Telefónica-Movistar-eko teknikoekin prentsaurreko bat eman genuen bihar, osteguna 4, 19:30etan Gran Via 89tik aterako den manifestaziora deitzeko.

Jendartearen erreprodukzioa, errekonozimendurik gabe eta kasu askotan soldatarik jaso gabe, ziurtatzen dugunok; langabetuok; soldatapeko langileok; ikasleok; pentsionistok… finean, egunero Euskal Herria aurrera ateratzen dugunok, esplotatzen gaituen sistema kapitalistari aurre egin behar diogu. Eta gaur langile hauek sostengatzen ditugun bezala, bihar beste borroka batzuetan lagundu beharko dugu. Izan ere, arazoa ez da indibiduala (enpresa honena edo eragile horrena edo…), kolektiboa baizik. Eta arazo kolektiboa den heinean, irtenbidea ere kolektiboa izan behar da; soilik, langile klasearen antolakuntzaren eta borrokaren eskutik etorriko den irtenbidea.

manifa manifiesto

Advertisements

administratzailea -ri buruz

zirikatzen
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.