Kontrola eta sistemaren erreprodukzioa

Orain arte luze aritu gara sistema errepresiboaren ingurua. Zeharka bada ere begi-bistakoa ez den errepresio horretaz ere hitz egin dugu, gure egin dugun errepresio Kontrhorretaz. Baina gai honetan sakontzeko egokiagoa izan daiteke kontrol sistemaz hitz egitea sistema errepresiboaz soilik hitz egitea baino. Gure bizitzako esparru guztietan ematen den kontrola bistakoa den beste errepresio horren (kartzela, beldurra, atxiloketak, jarraipenak, poliziaren presentzia bera) osagarria da: kontrola zentsu zabalenean ulertuta. Sistema osoak alor ezberdinetan txertaturik daukan alde errepresioa bezala uler dezakegu kontrol sistema. Finean nahi dutena gure pentsamenduaren, gure buruaren, gure bizitzako esparru ezberdinen gaineko kontrola izatea da. Nahiak, pentsamenduak, sentimenduak eta desioak; jaiotzen garenetik hiltzen gareneraino gure bizitza eta izatearen ibilbidearen jarraipen eta mugapena. Dena helburu zehatz batekin: sistema ustel hau perpetuatzea. 

Puzzleko pieza guztien gaineko kontrola eman dadin, sistema kapitalistak kasu honetan, gizabanakook egiten dutena kontrolatzeaz gain (kaleetako kamerak, mugikorrak, internet…) egin nahi izango dutena kontrolatzen du: nahiak. Horretarako milaka tresna eta lagun ditu: estatuak eta eurak dituzten eskumen guztiak (hezkuntza, zerbitzu publikoak…), enpresak eta publizitatea, bankuak eta jendartearen erosteko almenaren kontrola,  balio kristauen hegemonia, merkatua eta balio kapitalistak… Ikus dezakegunez sistema kapitalistak gizabanakoen bizitza era leun eta finean kontrolatzeko tresna soberan ditu. Agerikoa den errepresioaren osagarriak, errepresio gozoagoa, ikusezina, kontrola. Guzti hau erosotasun, segurtasun eta askatasun sentsazio faltsu batez hornitua noski; kexatu ez gaitezen.

Errepresioa eta kontrola, beraz, osagarriak dira eta lotura zuzena dute, baina garrantzitsua da gure heziketa eta izate prozesu guztian zehar ematen den etengabeko kontrola eta pertsonen ekintza edo jarrera zehatz baten aurkako errepresioa desberdintzea; azken hau erantzun bat izango litzateke, aurrekoa prebentzioa, bideratzea. Beraz esan dezakegu  errepresio zuzena pairatzean sistemaren adarretako batekin konfrontazioan gaudela, sistema eta subjektu edo kolektibo baten artean gatazka bat ematen ari dela. Kontrol sistema aldiz, sistema kapitalistaren funtzionamendu normalaren partea da, sistema betikotzeko mekanismoa, gure barne-barneraino heltzeko asmoz. Ageriko errepresioa  sistema errepresibo gozo baten azken pausua dela esan daiteke, konfrontazio edo zigorren fasea, baina horra iritzita ere kontrol sistema osoak aurrera jarraitzen du. Horretan datza gozotasunaren arriskua, ikusezina den kontrol eta errepresioa gure bizitzako esparrurik pribatuenetan presente egoten jarraituko duela konfrontazioa gure buruarekin eman arte.

GURE IZATEAREN EKOIZLEAK

Baina nortzuk sortzen dituzte gure nahiak, izaera eta ideiak? Denak eta denek. Zenbakian zehar azaldu dugun moduan, kasua da, gu sistema kapitalista patriarkal batean bizi garela eta honek jarrai dezan ordena, segurtasun eta askatasun sentsazioa, konformismoa, erosotasuna, beldurra, kontsumo neurrigabea, jabetza pribatua, jendearen eroste ahalmenaren kontrola, genero eta sexu sistema, botere harremanak, normaltasunaren nozioa eta abar luze bat beharrezkoak dira. Nortzuk dira orduan gure izaeraren ekoizleak? Zein da errepresio gozo edo kontrol hori? Sistema kapitalista eta bere egitura osoa; estatuak, instituzioak, enpresak eta euren interesak, publizitatea, kontrol soziala (gure ingurua) eta moral kristaua urrenez urren.

Azken aipatu dugunetik hasiko gara. Moral kristaua da gure judizio eta jarrera etikoetan eragin handi eta inkontzienteenetakoa duena. Kristautasunak sartu zuen gure bizitzetan konfesioaren nozio eta praktika. Egun, uste ez badugu ere, gure barneko egi eta sekretuak aztertzeko eta gure buruari buruz egia esateko obligazioa guztiz barneratuta ditugu. Honekin kristautasunak egiaren erregimen moduko bat sortu du, non beharrezkoa den gure barnekotasuna bijilatzea, honek gure jarreran eragina duelarik. Honekin harreman zuzena du harreman eta sexuaren arloan gertatzen den auto-errepresio eta judizio etikoak. Gure lagun, familia edo bikotekidearekin izan behar genukeen harremana araututa dago, barneratuta dugu zer bai eta zer ez dagoen permitituta, zer den egokia. Behar bada egia eta konfesioaren jokoan sartuak gaudela saia egiten zaigu ditugun harremanak beste, gure edo normala dena ahaztuta bizitzea. Jendarteko arau moralak, esan dugun moduan, ez dira poliziak jartzen digun debeku batekin alderagarriak, barneratuta ditugu eta poliziaren papera guk eta gure ingurukoek betetzen dugu. Harremanen barruan sexuak pisu berezia duela bistakoa da. Sexuaren kasuan gainera praktikan zein pentsamenduan ematen da errepresioa. Desio normal eta perbertsioen arteko bereizketa nabaria da, eta txiki txikitatik goaz barneratzen. Galdera da: sexuari dagokionez, pentsamendu eta desioez ari garenean, ba al dago mugarik? Eta praktikari dagokionez, bestearen kontsentimendutik haratago ba al dago mugarik?  Zenbateraino mugatzen eta baldintzatzen gaitu sexuarekin harremana duen guztia etikarekin lotzeak?

Kristautasunak eta sexuaren etikak gure bizitzetan duten eragina alde batera utzita gure baldintzapenak nondik datozen aztertzeko dauden beste adibideen artean, behar bada, argiena hezkuntza sistema da.  Irakaskuntza beldurra baino eragiten ez duten froga estandarizatuen tiranian oinarritzen da. Beldur honek ikasle eta irakasleak frogak garatzen dituztenen (instituzioak, enpresak, merkatua) eskaeretan kontzentratzera behartzen ditu, modu horretan jakin-mina, pentsamendu kritikoa, autoritatea zalantzan jartzea eta autoritate ilegitimoaren aurreko erresistentzia suntsituz.  Aurreko generazioek asko eztabaidatu zuten derrigorrezko hezkuntza jendarte autoritarioaren garapenean izan zezakeen eraginaren inguruan, arazoa inoiz baino presenteago dagoenean berriz, arraroa da horren inguruan eztabaidatzea. Klaseetako mekanika, ikasgaia dena delarik, ikasle pasibo eta gidatuak heztean datza. Aginduak betetzeko, autoritatea dutenen zigor eta sariak kontuan izateko, interesatzen ez zaigunagatik interesa dugula irudikatzeko eta gure etorkizunaren jabe garela sinesteko prestatzen gaituzte. Honetaz gain “kontuz” ibiltzearen nozioa buru barneraino sartzen digute, horrela arriskatzea eta ondorio batzuk pairatzea ez da aukera bat izaten. Laburbilduz, eskolan errespetuz eztabaidatzen irakasten badigute ere, lortu nahi dutena eztabaidarik ez sortzea da. Ildo beretik jarraituz, esan beharra dago kontsumismoak eta gailentzen den harreman ereduak zerbaitez edo norbaitez guztiz menpekoak diren pertsonak sortzen dituela. Honek, hezkuntza sisteman gertatzen den bezala, euren erabakiak hartzeko eskumena beste autoritate baten esku uzteko emanagoak bihurtzen gaituztelarik.

Gure bizitza, izaera, pentsamendua, nahiak eta erabakiak baldintzatzen duten zerrendarekin bukatzeko aipatu beharra dago prekarietateak, miseriak edo pobreziak eurekin dakartzaten desahalduntzea. Gure egoera ekonomikoaren erantzule direnak hori bera erabiltzen dute guk mugitzeko gaitasunik izan ez dezagun, beldurra eta ezegonkortasuna senti ditzagun. Honekin batera gure borrokatzeko ahalmena gure buru barnetik mugatzen duen beste faktore bat hiritarraren nozioa da, zeinak berarekin dakar poliziaren papera. Hiritar sentiarazi nahi dituzte batzuk, edozein aitona polizia edo kaleko ordena eta altzarien zaindari bihurtuz; dena denona delako, dena delako denon erantzukizuna. Ez dugu testu honetan azalduko hiritar ez sentitzea nahi dutenekin egiten dutena.

Guk gure borondatez arauak jarrai ditzagun mekanismo eta instituzio ugari daude ikusi dugun moduan baina ala ere bide okerretik doanarentzat, inkonformistarentzat, gure gizarteak badu irtenbide bat. Psikiatria eta psikologia bezalako diziplinak gizakiaren kontrol tresna bat bihurtzen ari dira askotan. 1980an Estatu Batuetan Psikiatria Elkarte Amerikarrak euren diagnostiko liburuan ume eta nerabeengan eragina duten trastorno mentalak sartu zituzten. Hauetako baten, “trastorno negatibo desafiantea”, sintoma ofizialak hauek ziren: “maiz aktiboki aurre egiten du edo ez ditu nagusien arau edo eskaerak bete nahi izaten”, ”maiz eztabaidatzen du nagusiekin” eta “askotan nahita besteak sumintzen ditu”. Kasualitatez, egun, Estatu Batuetan diru gehien ematen duten medizinak antipsikotiko lasaigarri gogorrenak dira, honek lotura du aipatutako trastornoa bezala psikotikoak ez diren trastornoengatik ume eta nerabe asko beharrik gabe medikatzeak. Eta lotsagabekeria honetaz gain, ezin dugu ahaztu sistemak berak sortzen dizkigun beste joera, kezka, arazo, gabezi eta abarren inguruan dagoen negozio mediku eta farmazeutikoa.

Azkenean pertsonen nahi eta jarduera oro kontrolatzeak gu geu gure buruaren poliziak izatea du helburu. Gu eta gure ingurukoak gara gure buruaren errepresiogilerik eraginkorrenak. Hau da sistema kapitalistak bere burua betikotzeko duen metodorik baliagarriena. Sistemak bultzatzen dituen balio eta pretentsioetatik kanpo dauden pentsamendu guztien suizidio probokatua. Pentsamendu eta izate askeak behar duen ekosistemaren akabatzea, sistemaren jarraipena bermatuko dituztenenak  bultzatuz.

ERREPRESIORIK GABEKO GIZARTE BAT?

Badirudi kulturaren kontrako idatzi bat dela hau, eta izan daiteke. Oso itsu egon beharko ginateke uste izateko estutu modernoek, hau da, egungo sistemak soilik arautzen dutela gure bizitza publiko zein pribatua. Tribu primitiboetan ere kontrol sistema existitzen da, are gehiago, ziurtatu dezakegu elkarbizitza bat ematen den bakoitzean giza arau eta bortxa batzuk azaltzen direla, denak gizatalde bati dagozkion mekanismo kulturalak. Horrek duda bat dakarkigu: kolektiboan sortuak eta haziak izanik izan gaitezke benetan burujabe? Burujabetza gizabanakoaren askatasun eta independentzia integral bat bezala ulertzen badugu, nahiko argi dago erantzuna ezezkoa dela. Askatasunaren antzik handiena izango lukeena  bere senari kasu egingo dion giza taldea izango litzateke, sentitzen duen moduan harremandu eta jardungo duen gizakia, albokoa begiratuko ez duen gizakia, itxurakeria eta harrotasunik gabea.

Kolektiboan bizitzeko dugun beharraz jabetuta esango dugu hau ez dela izan kulturaren eta honek dakartzan errepresio eta kontrol mekanismoen kontrako idatzi bat, ez litzateke sinesgarria izango, animalitasunaren edo basatitasunaren apologia bat da. Kontrol sistemak giza harreman arautuen sistema osoa barnebiltzen du, gizadia osoa, eta ekidinezina da; gauza da gure barneko nahietan oinarritutako arauez osatzea, ez erlijio, itxurakeria, harrotasuna eta ezjakintasunean. Era batean edo bestean, gizartean bizitzea beti izango da errepresio eta kontrolpean bizitzea; animalitasunari uko egitea. Animali erreprimitua behar du izan gizakia giza arauen pean bizitzeko, animaliak ez-bezala bizitzeko. Ezin dugu ukatu potentzian gaiztoena eta, aldi berean, maitekorrena izan daitekeen animaliaren etxekotzea dakarrela kulturak. Gizaki basati, aske eta instintiboaren etxekotzea.  Aukera bat izan balitz, egokia izan al zen? Eratsun ezinik, gure esku dagoen autuari erreparatuko diogu gutxienez: zaila gaitezen ahalik eta ingurune ez-toxikoena izaten, zaila gaitezen askeenak direnekin askeagoak izaten, azkenean gu eta gure ingurukoak garelako gure kartzelariak. Eta ikus dezagun urrunago joan gaitezkeen edo ez. Gai izan gaitezke txertaturik ditugun baldintzapen guztiak azaleratzeko? Posible da gure buruaren azterketa guztiz kritikoa egitea? Gu garenaz abstraitzea? Subjektu subertsiboenak ere bere burua zalantzan jartzeko eta aldatzeko arrazoi dezente ditu. Ezin izan gaitezke iraultzaileak gure barne barnean dauden sentimendu eta nahiak, gure izaera eta jardutea zalantzan jartzeko gai ez bagara. Zer nahiz? Zergatik? Nolakoa izan nahi dut? Ohartezinak diren baldintzapenak gainditzeko gai izan naiteke?

Advertisements
Post hau Errepresioa atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.