Errepresioa Euskal Herrian

Euskal Herria mendeetan zehar zapaldutako herria izan da. Gaur egun pairatzen jarraitzen ditugun lau zapalkuntzek (genero, klase, nazio eta Ama-lurra) forma errepresibo desberdinak erabili dituzte historian zehar; zapaltzaileen beharrizanetara eta momentuko baldintzei egokitzen joan diren formak. Baina nondik hasi? Nola sailkatu? Noraino Err EHsakondu azalpenetan? Ezinezkoa da gure herriak ezagutu dituen forma errepresiboak azaltzea artikulu batean; ezta forma errepresibo guztiak aipatzea ere. Honako hau hurbilpen bat hasteko saiakera xume bat besterik ez da; gaian sakontzeko animatu nahi duen saiakera.

Ia historia osoan zehar gaur arte irauten duen emakumeen zapalkuntza mantentzeko erabili diren forma errepresiboak, nabariagoak edo ikusezinagoak; erromatarrek gure herriaren zati bat menderatzeko erabilitakoak; Gaztelako eta Frantziako koro desberdinek erabilitakoak;  kapitalismoaren sarrerak eta hedapenak erabilitakoak… hainbat eta hainbat zapalkuntza eta forma errepresibo aipatu genitzake, baina hasteko bi errealitate azpimarratu nahiko genituzke. Alde batetik, Euskal Herrian jaio eta bizi izan diren pertsonek zein Euskal Herritik kanpo etorritakoek erabili dituzte zapalkuntza desberdinak mantentzeko errepresio sistemak. Eta beste alde batetik, zapalkuntzak sailkatu eta desberdindu baldin baditugu ere, argi izan behar dugu kasu askotan guztiz elkarlotuta doazela; sorgin ehizak emakumeen kontrako jazarpenaz gain, herri jakinduriaren eta auto-antolaketaren kontrako eraso bat izan zen; kapitalismoaren sistema errepresiboak lau zapalkuntzak mantentzea beharrezkoa du…

Ezagutu ditugun sistema errepresibo guztiak azaldu ezin baldin baditugu ere, azken hamarkadetan emandako errealitate bat aipatzea eta zergatiak hausnartzea interesgarria iruditzen zaigu: Euskal Herria laborategi errepresibo bat izan da. Eta zergatik egiten dugu baieztapen hau? Bada hainbat neurri errepresibo era sistematiko batean martxan jarri direlako herri baten borroka desberdinak desaktibatze aldera. Honek ez du esan nahi neurri hauek bakarrik edo/eta lehenengo aldiz erabili direnik Euskal Herrian, baizik eta hemen era sistematiko batean aplikatu direla eta bere garaian helburu bati begira hartutako hainbat neurri gaur egun beste helburu batzuekin erabiltzen direla. Bere gaurkotasunagatik esanguratsua iruditzen zaigu Euskal Herria errepresio laborategi bat izan dela erakusten digun hurrengo adibidea: Euskal Herrian lan egiten zuten hainbat eragileren kontra martxan jarritako ilegalizazio kanpainaren baitan udaletxeak disolbatzeko legea; “terrorismoa”ren eta ETAren kontrako borrokan bere garaian udaletxeetatik ezker abertzalea kanporatzeko egindako lege hau, gaur egun zorra ordaintzeko mehatxu bezala erabiltzen da.

Baina zergatik Euskal Herrian? Sistema hetero-patriarkal kapitalistaren, eta espainola eta frantsesa gure kasuan, boterea zalantzan jartzen duen edozer erreprimitzen da; eta azken hamarkadetan (atzerago ez joatearren) botere hori zalantzan jarri duten hainbat eta hainbat herri borroka garrantzitsu garatu dira gure herrian: kultura mailan (euskalduntze prozesuak, ikastolak…), Ama-lurraren defentsan (Lemoiz, Leitzaran…), emakumeen burujabetzan (abortuaren legeztapenerako borroka…), edukiz hustuta bada ere gaur egun oso bogan dagoen desobedientzia zibilean (intsumisioa…), gazte mugimenduan, langile mugimenduan (gasteizko martxoak 3…)… Adibide guzti hauek argi erakusten digute errealitate berriak sortzeko soilik herri antolakuntzak eta borrokak balio dutela. Bide horretan sistemak errepresioa erabiliko du borroka hauek neutralizatzeko; eta errepresio zuzenak ez baditu lortzen bere helburuak, hasierako estrategiara itzuliko da, errealitate berria sisteman integratzeko saiakerara hain zuzen.

Eta errepresio zuzena aipatu dugula, errepresio neurri ez zuzenen garrantzia aipatu nahi genuke. Sistema errepresiboan berebiziko garrantzia daukaten neurriak dira. Neurri ez zuzen hauek, borroka-gizatalde-eragile bat baztertzeko edo/eta zuzenean erreprimitzeko baldintzak sortzeko erabiltzen dira. Gure herrian hainbat eta hainbat dira neurri ez zuzen hauen adibideak; gutxi batzuk aipatzearren betidanik ezagutu dugun eta forma desberdinak hartu dituen desinformazioa (errealitateak ezkutatzen, informazio partziala emanez, zuzenean gezurrak esanez…), Arzallus-en “zentral nuklearrik gabe bakarrik azak jango ditugu eta ingurutik isolatuta geratuko gara”, bere garaian violento-democrata” binomioaren ezarpena Ajuriaeneako Paktuan, ilegalizazio zikloari bide eman zion “terrorista”ren etiketa (hau bai gero mundu zabalean hedatutakoa)… Neurri ez zuzen hauekin edozein sistema errepresibok neurri zuzenak tartekatzen ditu, gure herrian aski ezagunak: erailketa masiboak, tortura, kartzela, erbestea, lotsa-beldurraren hedapena, “ad-hoc” egindako legislazioa…

Eta Euskal Herrian ezin hitz egin errepresioaz mugimendu anti-errepresiboaz hitz egin gabe. Gure herriak aspaldi bizi duen gatazka politikoa dela eta errepresiorik gordinena pairatu izan dugu eta pairatzen jarraitzen dugu, kartzeletan gutxienez. Errealitate honi erantzuteko urteetan garatzen joan den Amnistiaren aldeko mugimenduaren garrantzi saihestezinari heldu nahi diogu hurrengo lerroetan.

Amnistiaren Aldeko Batzordeak 1975. urtean sortu ziren euskal preso politikoen amnistia lortzeko helburuarekin. Herrietako taldeak batzar-elkarteak ziren garai honetan, eta guztiak koordinatzen joan ziren, harik eta 1977ko otsailean Gipuzkoako koordinadora sortu zen arte. Amnistiaren Aldeko Elkarteek herri-mobilizazio ugari antolatu zituzten. Amnistiaren Aldeko Asteak izan ziren nabarmenenak. Adolfo Suarezen gobernuak mobilizazio horiek gogor jazarri zituen eta maiatzeko Amnistiaren Aldeko Astean errepresioaren ondorioz zazpi lagun hil zituzten.

Azken euskal preso politikoen kaleratzearekin eta iheslari kantitate handia oraindik Euskal Herrira itzultzeko prest ez zegoen arren, Amnistiaren Aldeko Batzorde Nazionalak disolbatzea erabaki zuen. Horretara, amnistiaren aldeko borroka eta errepresaliatu politikoen laguntza Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako Amnistiaren Aldeko Elkarteen koordinadoraren esku gelditu zen, mugimendu asanbleario koordinatu modura egituratu zena Euskal Herriko lau herrialdeetan. Bakoitzak bere dinamikak eta bere autonomia zituen. Baina hainbat gaietan lau herrialdeak ere koordinatzen hasi ziren.

Horretara, Amnistiaren Aldeko Batzordeen bigarren aldia hasi zen. Errepresioa gordintasun osoz azaleratu zen eta tortura, ekintza para-polizialak eta manifestazioen debekatzeak  horren adierazle argia bihurtu ziren. Laster estatu terrorismoa praktikatzen zuten taldeak sortu ziren: Batallón Vasco Español, Triple A eta beranduago estatuak berak zuzentzen zuen GAL.

1978. urtean euskal preso politiko guztiak Euskal Herritik Soriara urrundu zituzten. Bertan, erregimen gogor bat ezarri zitzaien. 1982an ehun euskal preso politiko inguru Soriatik Alcala Mecora eraman zituzten. Urtebete beranduago, euskal preso politiko gehiengoa Herrera de la Manchara eta Emakumeentzako Karabantxelgo kartzelara eraman zituzten. Sakabanaketa Argeleko elkarrizketen ostean indartu zen bereziki eta bi estatuek bultzatu zuten politika hau PSOEk diseinatu zuen PNVren laguntzarekin. Preso politikoen kolektiboa apurtzeko saiakera: hamarnaka kartzelatan sakabanatu, eskubide gehiago ukatu eta jipoiak eta isolamendu pertsonal nahiz politikoa areagotu. Kartzela barruan ere euskal preso politikoak sakabanatu egin zituzten.

Gauzak horrela, errepresioaren bilakaerak (Espainiako Auzitegi Nazionala, Lege Antiterrorista, ZEN plana, gerra zikina, militarizazioa, espetxe politika, iheslarien jazarpena…) eta horrek zekarren guztiari aurre egin beharraren aurrean, 1985ean barne eztabaida prozesua zabaldu zen Amnistiaren Aldeko Batzordeen barruan. Eztabaida honen buruan, amnistiaren aldeko elkarteen lau koordinadorak preso eta iheslarien senitartekoekin batera egindako I. Batzar Nazionalean sortuko da erakunde moldea hartu zuen Amnistiaren Aldeko Batzordeak. 2000. urtean Euskal Herri osoa hartuko zuen egitura nazionalaren proposamenak beste eztabaida sortu zuen egituraren barruan. Elkarrekin eraiki izena hartuko zuen eztabaida prozesu hau Ipar Euskal Herrian eremu berdinean ziharduen Koordinaketa erakundearekin batera eman zen eta, horren ondorioz, 2001eko abenduan Askatasuna sortu zen. Askatasuna sortu baino bi hilabete lehenago, 2001eko urriaren 31n Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak Amnistiaren Aldeko Batzordeen arduradunak atxilotzeko agindua eman eta hasiera eman zion 33/01 auziari. Amnistiaren Aldeko Batzordeak legez kanpo jarri eta bere arduradunak auzipetu zituen. 33/01 auzian Amnistiaren Aldeko Batzordeak erakunde terrorista zela ebatzi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak eta bere partaideak izandako 21 laguni 10 eta 8 urteko espetxe zigorra ezarri zizkien. Askatasuna erakundea ere ilegalizatu eta hainbat militante atxilotuak eta kartzelaratuak izan ziren. 2012an, ezker abertzalearen beste eragile batzuk bezala, Askatasuna erakundea disolbatu egin zen.

Gaur egun, eragile nazionalik gabe, Euskal Herriko hainbat txokotan era autonomoan amnistiaren alde lan egiten hasi diren taldetxoak eta Amnistiaren aldeko eta errepresioaren kontrako mugimendu berri baten lehenengo pausuak ikus ditzakegu.

Artikulu honi bukaera emateko urteetan zehar herri honek errepresioari aurre egiteko praktikan jarritako armarik garrantzitsuena aipatu nahiko genuke: elkartasuna; errepresioa gainditzeko nahitaezkoa den elkartasuna. Errepresaliatuekiko elkartasuna noski, baina baita euren borrokaren zilegitasunarekiko ere, errepresaliatu gehiago ez egoteko baldintzak lortu arte.

Advertisements
Post hau Errepresioa atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.