Formak

Sistema errepresiboek izan ditzaketen formak askotarikoak dira, eta botereak hartzen duen karakterizazioaren araberakoak izango dira. Diktadura batek adibidez ez du sistema errepresiboren beharrik, diktadura bera delako sistema errepresiboa; demokrazia burges autoritario batek aldiz, sistema errepresiboaren etengabeko indartzerako ahalegin izugarriak behar ditu. Nazio bakarreko Estatu batean formaketa herri desberdinak zapaltzen dituen Estatu batean ez dira sistema errepresibo berdinak martxan jarriko. Herrien askatasun nahia zapaldu behar dituzten Estatuek sistema politikoaren eta burokrazia estatalaren gainkarga pairatu behar dute, eta horrek krisiak areagotzen eta larritzen ditu; horregatik konponbideak konplexuagoak eta sistema errepresiboan egin beharreko moldaketak eta aldaketak garrantzitsuagoak eta maiztasun handiagokoak dira.

Gaur egun pairatzen dugun sistema kapitalistan Estatu burgesak dira nagusi, eta sistema errepresiboek erlazio handia daukate ekoizpen modu kapitalista berarekin: zentralizazioa, desjabetza (materiala, ideiena, jakintzarena…), alienazioa, orokortasuna… Baina ezaugarri hauetako askok behintzat ez dira baztertzaileak. Estatu burgesek behar duten sistema errepresiboaren estrategiaren zentralizazioak ez du errepresio txiki askoren autonomia kentzen; are gehiago, beharrezkoak egiten ditu, beti ere garrantzi gutxikoak Estatuaren aurrekontuetan, politika sozio-ekonomikoan/demografikoan/kulturalean/militarrean… diseinatutako epe luzerako erabaki estrategikoekin alderatuta. Eta zein da kasu honetan sistema errepresiborik eraginkorrena? Bortizkeri errepresiborik txikiena behar duena. Zergatik? Bada horrek erakusten duelako egoera bere horretan mantentzeko sistemari datxekien beste neurriak eraginkorrak direla; horrela Estatuak “Estatu demokratikoaren” itxura hartzen du, beti ere bortizkeri errepresibora (handiagoa edo txikiagoa, beharren arabera) bueltatuko dena aipatutako neurrien eraginkortasuna desagertzerakoan. Sistema errepresibo onenen lanik garrantzitsuena bortizkeria bera ahalik eta gehien ezkutatzea da; sistema errepresibo eraginkorrena neurri ekonomikoak, politikoak, kulturalak, polizialak… uztartzen dituena da, eta horrek Estatuaren funtzionamendu on minimo bat behar du.

Errepresioaren helburuaren artikuluan komentatu dugu sistema errepresiboa zerbait dinamikoa dela, beraz etengabeko garapenean dagoen errealitate batez ari gara; hau da, beharrezkoa duenean forma berriak edo berreskuratutakoak garatzen joango da sistema errepresiboa, fase desberdinak izango ditu. Baina fase errepresibo hauek ez dira jaio eta berehala eta era oso batean martxan jartzen. Fase errepresibo orok egokitzapen denbora bat behar du. Ezaugarri horrek sistema errepresibo baten eratze prozesuaren analisia zailtzen du esperientzia praktikorik ez dagoen bitartean. Era berean, gogorragoa, zabalagoa eta sistematikoagoa den sistema errepresiboak sistema martxan jarriko duten aparatuen moldaketa behar du. Hala ere, aldaketak aldaketa, fase guztien funtsean iraunkorra den errealitate historiko bat existitzen da; eta iraunkorra denaren eta aldatzen denaren arteko dialektikak sistema errepresibo ororen ahulguneak topatzen lagunduko digu.

Aurreko artikuluan sistema errepresiboen ezaugarrien inguruan aritu garenean sistema errepresiboen bi forma nagusiak gainetik aipatu ditugu: asimilazioa eta ezarritako boterearen onarpena edo joko horretan sartu ez den disidentziaren zanpaketa.

Lehenengo kasuan, erabiltzen diren formak anitzak dira eta kontrol sozialaren paperak berebiziko garrantzia dauka. Kontrol soziala botere sistema batek bere menpekoak ezagutzeko, aztertzeko, ebaluatzeko eta makurtuta mantentzeko erabiltzen dituen bitartekoen multzoa da. Jendarte historiko bakoitzak aproposa zitzaion kontrol sozialaren sistema erabili du. Kontrol soziala errepresioan bukatzen duen prozesuaren hasierako oinarria da, eta hiru kontrol orokor bereizi ditzakegu: “bizitza pribatuan” edo “intimitatean” ematen dena (familiak emakumeen, gazteen eta pertsona nagusien pasibotasuna eta konformismoa ziurtatzen ditu); bizitza publikoan ematen dena (milaka aparatuz eta pertsonaz osatutako makineriak gure desioak, datuak, jabetzak, zorrak, lan indarraren esplotazioa… zelatatzen etengabe); eta boterea ezbaian jartzen dutenengan ematen dena (legegintza, epaitegiak, polizia, kartzela… eta segurtasun enpresa pribatuak). Errazagoa izango da zelatatua delako izututako jendarte bat kontrolatzea; eta kontrola ahalbidetzen duen zelatatzea betidanik pairatu izan bada zelatatzearen normalizazioa eman daiteke.

Aipatutako zelatatzeaz gain, kontrol sozialerako hainbat bide erabiltzen dira: konformismoan hezten duen hezkuntza sistema (pasibotasuna, aginduak jarraitu, autoritatearen aurrean men egin, egoera iraultzeko gaitasun eza… indartzen dira pentsamendu kritikoa, kuriositatea, autoritatea zalantzan jartzea, autoritate ez-legitimoaren aurkako erresistentzia… beharrean); ez ordaintzeko beldurragatik pasibotasun politikora eramaten gaituzten mota desberdinetako maileguak (etxebizitzaren hipoteka, gero eta garrantzi handiagoa izango dituzten ikasketarako maileguak…); soldatapeko lanaren ezinbestekotasuna (sistema kapitalistak, aurreko ekoizpen moduek ez bezala, irtenbide bakarra uzten digu bizirauteko: soldatapeko lana); masa hedabideak (askotan telebistan agertzen diren edukiez kezkatzen gara arazoa telebista bera denean, edo ondorio hori behintzat atera dezakegu AEBko kartzelen kudeaketaz arduratzen diren enpresa pribatuek aitortu dutenean presoak lasai mantentzeko kable bidezko telebista eskaintzea guardia gehiago jartzea baino eraginkorragoa dela); inkonformismoa psikopatologizatzen eta medikatzen (AEBn, bereziki osasun asegururik ez daukatenentzako Medicaid gobernuaren osasun programan, gazte mordo batek antipsikotikoak eta lasaigarriak hartzen dituzte diagnostiko ez psikotikoak dituztenean, hainbat jarrera (“nagusien eskakizunak eta arauak ez ditu betearazten”, “nagusiekin maiz eztabaidatzen du”…) patologizatzen dira…); fundamentalismo erlijiosoa eta kontsumo konpultsiboa alternatiba bezala…

Bigarren kasuan, Estatuek zuzenean kontrolatzen dituzten aparatuak erabiltzen dira (lehenengo kasuan ere Estatuak hainbat aparatu kontrolatzen ditu hezkuntza kasu). Editorialean esan dugun bezala, sistema errepresiboa mantentzeko burgesiek Estatua behar dute eta zehatzago legegintza eta epaitegiak (behar izatekotan “ad hoc” egindako legedi eta epaitegiak barne, gure herrian ondo baino hobeto ikusi ahal izan dugun bezala), ejertzitoa eta polizia, eta kartzela (azken biak ere aski ezagunak gure herrian). Estatuaren bortizkeriaren monopolioaz ari gara, baina bortizkeria ez da zertan begi bistakoa izan. Askotan eraginkorragoak dira ezjakintasun orokorrean ematen diren eskubideak murrizten dituzten arautegien ezarpena, isun politika aktiboa bezalako neurriak; “Iruñea askatasunez” herri plataformak salatu duen bezala jendea itotzea bilatzen duten neurriak dira hauek. Estatuek beti nahi izango dute bortizkeri maila ahalik eta txikiena mantentzea, baina behar izatekotan eskura duten bortizkeri guztia erabiliko dute, mehatxuak, erailketak, faxismoa… barne.

Hau guztia horrela bada ere eta Estatuaren ahalmena gutxietsi ezin badugu ere, ezin dugu Estatua neurriz kanpo baloratu. Mutur biek arazo larrietara eraman gaitzakete, eta horrela ezinezkoa izango zaigu boterearen indarrak eta ahulguneak modu egoki batean neurtzea. Hau da, ezinezkoa izango zaigu sistema errepresiboaren formak bere egokieran aztertzea botere zapaltzailearen kontrako borroka eraginkorragoa bihurtzeko.

Post hau Errepresioa atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.