Helburuak

Berez errealitate negatiboei, bizitzaren arazo garrantzitsu eta erabakigarriei aurre egiteko erresistentzia inkontziente bat daukagu guztiok; eta gainera gure tesiak kolokan jartzenHelburuak dituzten errealitateak aztertzeko erresistentzia politikoa ere badaukagu.

Hau edonorentzat kontuan hartzeko modukoa bada, are gehiago iraultzailea izan nahi duen edozein eragilerentzat. Eta errepresioa guztia kolokan jar dezakeen errealitate negatibo bat den heinean, errepresioaren teorian arreta jartzeak berebiziko garrantzia dauka; izan ere, ezin da kapitalismoaren garapena ulertu errepresioaren teoriarik gabe eta errepresioaren teoria ahultzen den heinean ideologia burgesa indartzen da. Hau guztiagatik uste dugu garrantzitsua dela errepresioaren helburuen inguruan hausnartzea, errepresioaren teoria osatze bidean.

Editorialean azaldu dugun bezala, errepresioa botere bat defendatzeko antolatutako aparatu oso bat da, eta “errepresio” soilaz hitz egitea baino “sistema errepresiboaren” inguruan hitz egitea askoz aproposagoa da. Baina zenbat “errepresio” eta “sistema errepresibo” existitzen dira? Honekin ez dugu teorizismo espekulatiboa lehenetsi nahi, baina garrantzitsua ikusten dugu aurreko borrokengandik, hango eta hemengo bizipenengandik ikastea.

“Errepresio” soilaz aritzeak termino estatiko, sektorial, isolatua eta ez sistemiko batez aritzeak esan nahi du; “sistema errepresiboaz” aritzeak berriz, termino dialektiko, garakor, kontraesankor eta sistemikoaz aritzeak. “Sistema errepresiboak” botere batek garai jakin batean errepresioa garatzeko dituen bitarteko material eta sinboliko guztiak barnebiltzen ditu. Etengabe hobetzen, partzialki edo erabat aldatzen doa zapaldutako pertsonen erresistentziaren aurrerapausoei erantzuteko. Logika honek fase errepresiboen inguruan pentsatzera eraman behar gaitu; etsaia bitarteko errepresiboak aldatu, garatu, hobetu egiten dituela pentsatzera. “Errepresio” soila terminoak etsaia errepresioaren “kantitatea” bakarrik handitu dezakeela pentsatzera garamatza; “sistema errepresiboak” berriz, “kalitatezko” jauziak ezagutarazten dizkigu (bideak, filosofia, metodologia… aurrerago errepresioaren formetan garatuko ditugun ideiak).

Argi izan behar dugu, sistema errepresiboak botere bat defendatzeko helburu orokor horretarako, kontzientzia politikoa borrokatu behar duela. Baina sistema errepresiboaren helburua ez da antolatutako kontzientzia hori edonola deuseztatzea izaten; eraginkortasunaren bidean, antolatutako kontzientzia politikoa ezagutzea eta kontrolatzea izaten da. Horrela, botereak erabakitzen duenean eta nahi beste erreprimitu dezake, deuseztapenerako momenturik aproposena programa dezake, erabateko deuseztapena inoiz ematen ez dela jakinda (errealitate honen aurrean botereak pertsonaren bat libre utzi ohi du zer egiten du(t)en ikusteko). Baina botereak ez ditu soilik etsaiak kontrolatzen, historiak behin eta berriro erakusten digun bezala (2013an AEBk Europako hainbat estatuburu zelatatzen zituela (dituela?) publiko egin zen), botereak lagunek ere zer pentsatzen duten jakin nahi du.

Eta ikusi dugun bezala helburu orokorra ezagutza eta kontrola baldin badira, goazen ezagutzera sistema errepresibo guztiek orokorrean dituzten lau ezaugarriak:

Kontzientzia kolektibo eta indibidualetik boterearen mesedetan ez dagoen guztiaren ezabaketa bilatzen dituzten neurriak. Nortasun ororen suntsiketa erabatekoa eta eraginkorra izan dadin, bizirik dauden belaunaldiek hurrengoei inongo kontzientziaren aztarnarik ez ustea eskatzen du; eta hau bakarrik lortu daiteke Estatu baten aparatu guztien (hezkuntza, hedabideak, legeak, epaitegiak, polizia, kartzela, gerra zikina…) parte hartze errepresiboarekin. Horregatik edozein botere zapaltzailek herrien oroimen kolektiboa ezabatu nahi du; horregatik sistema kapitalistak jendarte gero eta indibidualistago bat erreproduzitzen du, bakoitzaren arazoak bakoitzarenak direla sinestarazteko, irtenbide kolektiboak ez bilatzeko, zapaltzen gaituen boterearen kontra ez antolatzeko… bezalako dinamikak indartzen duen jendartea alegia.

Norbanako edo kolektiboak diren borroka eta erresistentziak eutsi eta gelditu. Horretarako beharrezkoa den bortizkeri fisiko, psikologiko, kultural, linguistiko, etiko-moral eta genero, klase, nazio, arraza zapalketa erabiliko du. Bortizkeri eta zapalketa guzti hauek soilik epe motz-ertain baterako dira eraginkorrak. Epe ertain-luze baterako eraginkorrak izan daitezen, beste neurri politiko, kultural, sozio-ekonomikoekin uztartu behar dira. Dena dela min handia eragiten duten neurriak dira; aurrerapen askatzailea galarazten duten neurriak dira, Estatuaren kontra ezer egin ezin denaren ideia era batean edo bestean mantentzen dutenak.

Aldarrikapen demokratiko kolektiboen eta askatasun desioen burujabetza karga oro desaktibatzea eta sisteman integratzea (sistemarentzako jasangarriak bihurtuz) bilatzen dituzten neurrien eta bitartekoen multzoa. Beti aurreko bi ezaugarrien menpe egongo den, hau da “makilaren”, eta beraiekin uztartu beharreko taktikaz ari gara, hau da “azenarioaz”. Eta oso garrantzitsua da ezaugarri hau kontuan izatea “makilakadak” jasaten direnean “azenarioaren” eraginkortasuna ahazteko joera ematen delako.

Erreprimitzen duenak, eta errepresioaz onura lortzen dutenek, etekin material edo sinboliko bat(zuk) lortzea. Polizia mota orotan eta segurtasun zerbitzuetan lan egiten dutenak, maila desberdinetako funtzionarioak (estatu mailakoak, erregionalistak…), sistema errepresibo osoa mantentzeko beharrezkoak diren zerbitzu enpresa ezberdinen langileak… etengabe gora egiten duen zerrenda; izan ere, jendarte kapitalistan sistema errepresiboak, oinarri teknologikoak hedatzeko joeraz gain, giza oinarriak ere handitzeko joera ematen da.

Sistema errepresiboen ezaugarriak ezaugarri, zenbat eta gutxiago ezagutu are eta kaltegarriagoa eta eraginkorragoa izango da sistema errepresiboa. Eta bide horretan beldurraren hedapenak paper oso garrantzitsu bat jokatzen du. Zigorretan eta basakerian oinarritutako beldurra oso eraginkorra izan daiteke momentu puntualetan, baina era berean gorrotoa eta haserrea ere piztu dezake jendartearen sektore zabaletan. Kasu gehienetan, askoz eraginkorragoa da zehaztugabea eta inkontzientea den beldurra, menperatutako pertsonetan ematen den larritasun eta ziurgabetasun nahasketa hori. Beldur horrek ezagutzarako dependentzia, “egiaren” onarpen akritikoa eta dogmatikoa errazten du; eta behin tendentzia hauek ezarrita daudenean “egi” ofizialen faltsutasuna frogatzea oso zaila da. Eta guzti hau burutu ahal izateko, aurrerago garatuko dugun kontrol sozialak berebiziko garrantzia dauka.

Errepresioak ez dira soilik maila kontzientean edo zigor, basakeria mailan ematen; maila inkontzientean, masaren estruktura psikikoko beldurren eta dependentzien mailan ere ematen dira. Eta guzti hau kontrolatzeko eta menperatzeko erarik onena, arazoa ahalik eta era zehatzenean eta kritikoenean ezagutzea da. Orekarentzako eta biziraupenarentzako ezinbestekoa den beldurra ezin da esplotaziorik gabeko jendarte bateranzko oztopo bihurtu.

Advertisements
Post hau Errepresioa atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.