Editoriala: Borreroak baditu milaka aurpegi

Errepresioaren aurkako borrokan arrakasta izan nahi badugu, ezagutu egin behar dugu. Errepresioari aurre egiteko nahiz beldurra gainditzeko kontzientzia politiko antolatua garatze bidean, honen inguruan hausnartzea funtsezkoa dela deritzogu, bereziki Deustuko 13 lagun auziperatuta ditugun honetan eta, datozen artikuluetan ikusiko dugun bezala, errepresioa sistemaren beharrizan berrietara egokitzen ari den honetan…

editoriala1 - copia

Errepresioari buruz hitz egitean normalean aintzat hartzen ez den ñabardura bati erreparatu behar zaio. Izan ere, ez dugu ekintza errepresibo sorta bezala ikusi behar, interes jakin batzuei erantzuteko ezarritako sistema konplexu eta koordinatu bezala baizik. Guk jorratu ohi duguna azken kate-begia da, ondorioa; disidentziarekin amaitzera bideratutako sistema oso baten porrota. Hori dela eta, alde batetik sistema errepresiboari buruz arituko gara eta bestetik, errepresioari berari buruz. Zertarako sistema errepresiboa? Botere esplotatzaile orok sistema errepresiboaren beharra du bere erreprodukzioa betikotzeko. Gaur egun pairatzen dugun sistema kapitalista honetan sistema errepresiboa antolatzeko burgesiak Estatuaren figura behar du: botere legegilea, auzitegiak, polizia, ejertzitoa, kartzelak… gorpuztu eta koordinatuko dituen egitura.

Sistema errepresiboaz aritzea garrantzitsua da, errepresioan pentsatzen dugunean kartzela, tortura, biolentzia poliziala eta antzerakoak datozkigulako gogora. Hala ere, errepresio modu hauek sistema errepresiboaren azken baliabidea dira. Gainontzeko guztiak huts egiten duenean borraz aurpegia txikitzen dizute. Beharrezkoa da sistema errepresiboaz hitz egitea bere aldaketak eta faseak argi eta garbi, amarrurik gabe ikusteko.

Herrien borroken intentsitate eta eraginkortasunaren igoerarekin batera, Estatuak “errepresio soila” areagotzera behartuta egongo badira ere, helburua ezagutzen ez den, sentitzen ez den, bere inguruan hitz egiten ez den… sistema errepresiboa lortzea da. Normalean errepresio soila desagertzeak ez du esan nahi herriaren borrokak sistema gainditu duenik, baizik eta sistema errepresiboa bere lana era eraginkorrago batean betetzen ari dela, bere burua agerian utzi gabe. Sistema kapitalistak bere burua birsortzeko erabiltzen duen logika beraren baitan, klase zapalkuntzari eutsi diezaiokeen heinean sistema sasi-demokratiko bat askoz ere eraginkorragoa da, baina ez du faxismora jotzeko eragozpenik izango azken aukera bezala. Botere kapitalistarentzako askoz ere eraginkorragoa da antolakunde iraultzaile bat sisteman integratzea eta bere parte bilakatzea lortzea, hura ilegalizatzen eta bere militanteak kartzelaratzen aritzea baino. Jokoaren arauen onarpenak sistema gainditu nahi duen edozein antolakunderen porrota dakar. Honek ez du esan nahi sistemaren pitzadurak bere aurka era integralean borrokatzeko erabiltzea porrot egitea denik, guztiz aurkakoa. Baina halako borroka moldeak lehenesteak orokorrean borroka molde garrantzitsuena, klandestinoa, alde batera uztea dakar. Klandestinitatea ez da borroka armatuaren sinonimo. Klandestinitatea segurtasunaren, auto-diziplinaren eta eraginkortasunaren sinonimoa da. Victor Sergek bere “Lo que todo revolucionario debe saber sobre la represión” obran idatzi zuen bezala, lan iraultzailearen seriotasuna ezin da kristalezko etxe batean bizi.editoriala2 - copia

Zentzu honetan legaltasunak paper izugarri garrantzitsua jokatzen du errepresioan. Herriak egin gabeko lege oro ukatu behar dugu, egunerokotasuneko gauza txikietatik hasita ezohikoenetara. Legaltasuna justiziarekiko termino guztiz antagonikoa da legea herriaren etsaiek idazten dutenean. Legaltasuna ez da arlo neutroa, boterearen interesen menpekoa da. Horregatik da garrantzitsua desobedientzia, ez oihartzun mediatikoa eskuratuko duten ekintza puntual bezala ulertuta (estrategia zabalago baten baitan izan dezaketen garrantzia ukatu gabe), desobedientzia bizi eredu bezala ulertuta baizik, errebeldiaren sinonimo bezala. Militantzia ernea, kritikoa, auto-diziplina handikoa eta errebeldea behar dugu. Era berean auto-diziplinak dakarrena egoki ulertzea derrigorrezkoa dela uste dugu. Baina ezin dugu auto-diziplina, antolakunde barruko zein kanpoko obedientziarekin nahastu.

Praktikak pentsamendua elikatzen du eta pentsamenduak praktika. Gehienbat legaltasunaren mugen barruan garatzen den lan politikoa egiten badugu, honek baldintzatutako parametroen baitan pentsatuko dugu eta horrek, ziurrenik, sistemarentzako onargarria eta guztientzako “erosoa” den praktikara eramango gaitu. Sistemaren eskemetan oinarritu izanagatik, antolakunde mota hau konfrontazioan jauzi bat eman behar duenean etsaiaren guztiz menpe egongo da.

Sistema errepresibo baten lanik garrantzitsuenetako bat informazioa dela ohartu behar gara. Poliziak egiten duen lanik garrantzitsuena ez da fisikoki erreprimitzea. Poliziaren funtziorik behinena informazioa biltzea da. Sistema errepresibo batek uneoro gertatzen ari denaren berri izan behar du, panorama politikoan nor den nor eta bertan mugitzen den guztia, nazio mailatik hasita auzo eta herrietaraino; mugitzen den jende guztiaren aurpegiak, garrantzitsuenetik hasita pare bat aldiz kartelak jarri dituenera; pertsonen arteko loturak, zergatik dituzten, zertaz ezagutzen duten elkar, zein harreman afektibo dagoen… honek izugarri ahul egiten gaitu. Sistemari gehien komeni zaionean minik handiena egiten duen tokia kolpatzea ahalbidetzen dio.

Sistema errepresiboa kolektibitateen aurka erabiltzen den praktika kolektiboa da; ez da inoren ekintza pertsonalen ondorio, ez da ekintza ilegitimo baten neurrizko edo neurrigabeko zigorra. Sistema errepresiboa botereari komeni ez zaion guztia kontzientzia kolektibotik urratzera bideratutako ekintza multzoa da. Hau ezinezkoa denean, sistema gainditu nahi duen hura moderatu eta sisteman integratzera joko du eta, horretan kale egingo balu, borroka eta erresistentzia guztiak era batean edo bestean geldiarazten eta eusten saiatuko da. Gurekin akabatzeko sistema konplexu baten aurrean gaude.

Amore ematea galtzea dela jakin behar dugu. Lehenengo ez egitea eskatuko digute, gero ez esatea, gero egiten duena arbuiatzea eta ondoren esaten duena ere bai. Haien jokoan sartzea galtzera kondenatzea da, haien legalitatea onartzea. Sistema errepresiboaren aurka borroka egiteko modurik eraginkorrena erreprimitutako ekintzei eta pertsonei zilegitasuna aitortzea da, baita erreprimitutako ideiak sozializatzea ere (esplotazio era ororekin amaitu nahi dutenean), benetan min ematen duena baita. Gainerako guztiak oso ibilbide laburra izango du.

Advertisements

administratzailea -ri buruz

zirikatzen
Post hau Errepresioa atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.