Hirugarren hitzaldiaren kronika

Hirugarrena eta azkena izan zen zinberkontrola izenpean Deustuko Gazte lokala berotu zuen hitzaldia, aurkezpena, Pablo Garaizarrek egin zuen, eta sare sozialei eta komunikazioari buruzko jardunaldiei bukaera emateko hitzaldi bikaina izan zen. Berak onartu zuen moduan, askotan errepikatutako azalpenak eman zizkigun, baina argi geratu zen pertsonak kontrolatzeko eta hauei buruzko informazioa eskuratzeko moduak aztertzeari tarte bat eskaintzea aberasgarri suertatzen dela, batez ere tresna horiek etengabeko garapenean daudenean. Baina ez genuen arriskuez bakarrik hitz egin, arriskuak saihesteaz eta erabil ditzakegun alternatibetaz hitz egiteko tartea ere izan genuen.

Esan dugun moduan, teknologia eta garapen txikienak ere, beste gauza askoren artean, modu eta tresna desberdinen bitartez, pertsonen espioitzarako erabiliak izan dira historian zehar. Histori honen errepasoa izan zen egin genuena, informazioa eskuratzeko modurik tradizionaletik, bitarteko konplexuenetara, gaur egun arte. Entzute sistemak, segimenduak, gutunak ikuskatzea, inkesta faltsuak, bizitoki, lantegi edo zabor miaketak… hauek dira modu eta baliabide sinple edo tradizionaletako batzuk. Baina teknologiaren garapenak eta teknologia bera, komunikatzeko erabiltzeak, ia imajina ezinak ziren espioitza modu berriei ateak irekiko zizkion. XX. Mendean etengabe produzitzen zen informazio guzti horretatik apur bat ere ez galtzeko sistemak sortu ziren, Echelon (mota askotako komunikazioak interbenitzen dituen mundu mailako sistema), mugikorren bidezko lokalizazioa, Carnivore, Tempest… Azkenean, sistema hauek ikusta, gaur egungo egoera beldurgarriagoa izan behar zuela uste genuenean, beldurgarria baino barregarria zela ikusi genuen. XXI. mendean zen? XXI. mendean, jolas batera jolasteko, aplikazio bat jaisteko edo sare sozial batean kontu bat irekitzeko, eskatzen diguten informazio guztia ematen diegu, inolako presiorik gabe. Eta informazio hori eskatzen ez badigute ere, lasai, sare sozialei esker edonoren jarraipena egitea gero eta erosoagoa da. Hitz gutxitan intimitatetik extimitaterako bidea egiten gabiltza, eta hau gure kalterako izan daiteke. Ez al da arraroa aurreko espioitza sistemak beldurgarri eta nazkagarriak iruditzea eta aldi berean, sistema horiek lapurtuko liguketen informazioa, debalde, interneten edonoren esku ustea?

Pertsonei buruzko informazioa lortzeko tresna eta moduen errepasoa egin ostean, interneten erabilera erosoa baina arduratsua egiteko gako batzuk eman zizkigun Txipik. Badira gauza asko kontutan hartu beharrekoak, eta erasotasunagatik baztertzen ditugunak, Zerbitzuen terminoak adibidez, sortzen dugun informazioaren pribatutasun eskaintza, gauzak interneten adibidez publikatzean sortzen dugun informazio ezkutua (argazkien metadatoak adibidez), erabiltzaileak sortutako informazioaren iraupena zerbitzuaren propietatean, gure datu pertsonaletara sarbidea izatea behar duten programa eta aplikazioak, hauek eskatzen dizkiguten baldintzak…

Gainera dirudienez, dauden alternatibak eskaintzen duten erosotasuna eztabaidagarria da, gero eta programa edo sistema seguruagoak erabili, gero eta deserosoagoak izaten dira. Zentsu horretan esan dezakegu, aukera ona izan daitekeela programa, sare sozial, sistema… “arruntak” eta alternatiba seguruagoak batera erabiltzea, hau da, gure burua digitalki babestea, baina zoratu gabe. Edo beharbada ez, beharbada gure segurtasuna eta intimitatea erosotasunetik gainetik jarri eta gure ordenagailuak blindatzeko momentua izan daiteke. Azkenean, teknologia berriek ekartzen dizkiguten onura eta kalteak kudeatzeko, zentsu komuna eta informazioa dira gure baliabide indartsuenak, eta oinarria zehaztuta erabaki dezagun.

Advertisements

administratzailea -ri buruz

zirikatzen
Post hau Komunikazioa libre?, Sarean atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.