Bigarren hitzaldiaren kronika

Lehenengo hitzaldia eta gero, hedabideak eta sare sozialak lelopeko mahai-inguruarekin eman genion segida sare sozialak eta komunikazioaren inguruko jardunaldiei. Sare Antifaxistako, Prest!-eko eta EITB-ko hiru pertsona gonbidatu genituen ikuspuntu ezberdinetatik gaiari heltzeko: eragile soziala, hedabide lokala eta hedabide handi bat.

Mahai-inguruarekin hasteko, kide bakoitzak bere lanaren berri eman zigun, eta gure pozerako, momentu horretatik aurrera mahai-ingurura hurbildutako jendearen parte-hartzea etengabea izan zen.

Hasiera batean, eztabaida komunikazioaren inguruan eta komunikazio horrek azken urteetan izan duen bilakaeran zentratu zen. Sare Antifaxistako kideak lehen momentutik interneten potentzialitateaz jabetuta, momentuan erabiltzen ziren bitartekoetatik (aldizkariak, fanzineak…) sarera jauzia egiteko hautua hartu zutela adierazi zigun. Hari horri tiraka, hainbat ideia agertzen joan ziren. Alde batetik, web-orrialde eta blog-ek gaur egun daukaten influentzia izugarriaren inguruan aritu ginen: lehen hedabide handietan agertuko ez zen berri bat, orain sarean bolo-bolo baldin badabil askotan ezinezkoa zaie albistea ez ematea; beste batzuetan, egia ez den zurrumurru bat hedatzeko gaitasuna biderkatzen dute… Bitarteko berri hauek egunkari eta liburuak desagertzea eragingo duten edo ez ideiaren inguruan ere egon ginen solasean, eta hortik gaur eguneko komunikazio asko eta asko, eta baita sistema bera ere, ezaugarritzen duen kontzeptu batera heldu ginen: abiadura. Informazio pila daukagu eskura, baina benetan sakontzen dugu irakurtzen edo entzuten dugun informazioan? Gertakariaz aparte, jabetzen al gara zergatik gertatu den, nola heldu den egoera horretara?

Hausnarketa hauetatik, ondorio batzuei forma ematen hasi ginen: komunikaziorako bitarteko hauek kasu askotan ez dutela edozertarako balio adibidez. Hau da, momentuko informazioa, egoera bat salatu, deialdi bat zabaldu… nahi badugu, sareak ematen dizkigun aukerak bikainak dira. Beste alde batetik, hausnarketarako bitarteko bezala erabiltzeko iritzi ezberdinak entzun genituen. Batzuen esanetan, ordenagailu pantailak ez ditu baldintza egokiak betetzen jarduera horretarako, paperezko euskarriaren aldeko hautua azalduz. Baina beste batzuk, bi ikuspuntuen arteko bateragarritasunaren alde agertu ziren.

Sare sozialek gaur egun informazioa zabaltzeko duten paperaren inguruan ere aritu ginen. EITBko langileak komentatu zuen EITB-ko web-orrialdera 4 pertsonetatik soilik 1 heltzen dela web-orrialdera zuzenean. Hau da, beste hirurak bilatzaile, sare-sozial edo beste lekuren batetik heltzen dela web-gunera. Datu oso esanguratsua eta hausnarketarako beste bide bat zabaldu zuena: sare sozialek web-orrialde eta blog-ekin bukatuko dute? Denetariko iritziak entzun ahal izan genituen.

Ideia guzti hauen inguruan ibili ginen hitz egiten ordu eta erdiz. Eta ondorio handiegirik atera ez bagenuen ere, ez zen gure asmoa ere, azpimarragarriak iruditzen zaizkigun ideia pare batekin geratzen gara: alde batetik, edozein bitarteko erabilita ere, interesgarriena lan txukuna egitea da; eta beste alde batetik, hedabide mota ezberdinak daude (herri mugimenduko eragileena, pertsonalak, mass-mediena…) eta helburu ezberdinak (informazioa, formakuntza, agitazioa…) dituztenak, beraz, kasu bakoitzean hausnartu beharko da zeintzuk diren erabili beharreko bitartekoak.

Zirikatzen! Osatzen dugunok, eta beste guztiok noski, badaukagu zer pentsatu hurrengo hitzaldira arte.

Advertisements

administratzailea -ri buruz

zirikatzen
Post hau Komunikazioa libre?, Sarean atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.