Zenbaki Bereziaren Editoriala

Autobusean irakurtzen ziren liburuak, mugikor eta ordenagailuek ordezkatzen dituzten garai honetan; bakardadea gero eta abstraktuagoa bihurtzen ari den momentuan, gure lagun eta ez hain lagun ia guztiak patrikan eraman dezakegun garaian, interesgarria izan daiteke, segundo bat itxoitea eta gai honen inguruan pixka bat hausnartzea.

Ez da zaila, gure ingurura begirada bat botaz gero, komunikazio bide edo era berriek gure bizitzetan duten eragina ikustea. Esan daiteke tresna hauek ez dutela denbora luzerik behar izan gure eguneroko zereginetan zeresan handia izateko. Bistakoa da ere, teknologia guzti hauek etenik gabeko garapen bizkorrean murgilduta daudela, eta gu hauen atzetik goazela, korrika. Seguruenik asko izan dira, euren buruei, gai honen inguruko galderak planteatu dizkietenak, eta gehiago, seguruenik, inolako hausnarketarik egin gabe, komunikazio bide hauen erabilera arduragabea egin dutenak. Hau izango da beraz ale honen helburua: komunikazio bide berriei buruzko hausnarketa egitea, informazioa eskuratzea, aztertzea eta ondorioak ateratzea, azken iritzia bakoitzaren ardurapean badago ere.

Hasteko, interesgarria iruditzen zaigu, gehienok egunero erabiltzen ditugun teknologia hauek posible egiten duten garapenaren berri izatea. Industria militarrak estatuaren diruarekin, noski, garatzen dituzten teknologiak dira guk gero arlo zibilean erabiltzen ditugun teknologia asko eta asko. Industria militarraren garapena, gerrara, espioitzara… hau da, erabilpen militarrera bideratuta dago, baina zaharkitua geratzen denean arlo zibilera helarazten da, horrela merkatuak berritu egiten dira. Honek kapitalismoaren oinarriak babesten ditu, merkatuaren aldizkako berritzea bermatuz.

Teknologia hauen, arlo militarraren eta sistema kapitalistaren arteko lotura kezkagarria da oso, baina nondik datozen eta zer diren galderak erantzun ostean, garrantzitsua da zertarako diren galderari erantzutea. Zertarako dira? Zertarako erabiltzen dituzte? Zergatik heltzen dira hain arin gure eskuetara? Komunikatzeko. Telefonoak, faxak eta interneten bidez lor ditzakegun komunikatzeko erak, horretarako dira, komunikatzeko. Hori nahiko argi dago, bistakoa da. Guzti honek ez du esan nahi, hor nonbaiten geratzen den informazio guztia, beste gauza askotarako ere erabili ezin daitekeenik. Segurtasunaren izenean, (terrorismoaren, narkotrafikoaren, immigrazioaren, pirateriaren aurka) erabiltzaile bakoitzaren segurtasuna eta pribazitatea jartzen dituzte kolokan. Egunero famatuak bagina bezala sentiarazten gaituzten kaleetako, unibertsitateko eta autobusetako kamara guztiak, pairatzen dugun kontrolaren adibide bikaina dira. Baina adierazgarriagoak dira, gobernuetatik datozen lege eta proiektu guztiak. Mota askotako komunikazioak intertzeptatzeko balio duten mundu mailako espioitza sistemak, internet ekoizleen eta inteligentzia agentzien arteko elkarlana, edozein pertsonak ordenagailutik egiten dituen mugimenduak estatuen polizien esku usten dituzten enpresak.… Ahalegin eta diru mordoa estatuek hiritarrak espiatu ahal izateko inbertitua. Honetaz gain, intimitate urratzea lortzen duten legeak indarra hartzen hasi dira bai Espainiar zein Frantziar estatuetan bai mundu mailan. Aitzakia: pirateria eta egileen eskubideak, galtzaileak: erabiltzaileak, honi esker, gobernuek, sarean egin ditugun mugimendu guztiak begiratzeko boterea eskuratzen duelako. Askatasunaz ari gara, internet lege propioz josi nahi duten eremua da, eta bide honetatik ez da eremu askea izango. Zentsura, anonimatoaren galera eta era askotako interbentzioak dira interneten pisua hartzen ari direnak.

Esan dezakegu goian aipatutako arriskuen aurka bakoitzaren jarrera dela garrantzia duena. Bestalde badirudi era”antolatuan edo gutxienez era bateratuan, wikileaks eta anonymous bezalakoek adibidez, sarean gertatzen diren bidegabekeria askoren aurka lanean ibili direla. Egin dituzten salaketa asko anonimato eta askatasun faltaren aurkakoak izan dira hain zuzen. Beharbada interneten askatasun falta salatzeko internet bera ekintzak (informazioa zabaltzea, enpresek datuak gordetzeko moduaren segurtasun falta salatzea, web zehatz bat saturatzea) egiteko erabiltzea zentzuzkoa izan daiteke. Baina baliagarria da internet, WhatsApp, tuenti, twitter, hotmail… eragile sozialek euren aldarrikapenak zabal ditzaten? Pertsona gero eta gehiago kaletik mugikorrera begira ibiltzen direla kontuan hartzen badugu, badirudi jende gehiagok ikusiko duela modu honetan kartelen bidez baino. Baina atxikimendu gehiago lortzeko balio du? Eraginkorragoa da? Gure benetako arazoa informazioa zabaltzea da, ala jendeari erakargarriak egiten zaizkion ekintza, ekitaldi, dinamikak prestatzea? Baliagarria da, baina pertsonak aurretik jakiteko edo informatzeko nahia bazuen soilik?

Askatasunaz ari garela aprobetxatuz, menpekotasunei buruz ere hitz egin dezakegu. Komunikazio modu hauek dituzten abantailak agerikoak dira, momentuan komunikatzeko gaitasuna dugu, edozein momentutan, edonorekin, edonon dagoelarik ere. Baina abantaila desabantaila bihur daiteke egiten dugun erabilpenaren arabera. Fisikoki lagun batekin egonda egin genezakeen gauza ia berberak egin ditzakegu internetek eta mugikorrek eskaintzen dizkiguten komunikatzeko moduei esker. Baina internet eta errealitatea gauza bera al dira? Gure ustez errealagoa da egun guztia bakarrik egotea (ikasten, igerilekuan, metroan, liburutegian…) eta eguneko azken bi orduak bi lagunekin trago bat hartzen, berbetan eta barre egiten ematea, egun guztian zehar ehun lagun ezberdinekin WhatsApparekin hitz egiten egon izana baino. Teknologia hauen erabilera puntuala izan beharko litzateke, ezin da komunikazio tradizionalaren ordezkaria izan, ez dugu uste osasuntsua denik. Gainera gero eta autonomia gutxiagoko pertsonak hezten ari garelakoan gaude, egunero, orduro, minuturo, lagunekin konektatuta egotea, abantaila bat izatea baino, desabantaila bat izan daiteke. Gainera komunikazio modu berriak esatean, komunikatzeko beste modu batez ere ari gara, aurrez aurreko komunikazioan dauden elementu asko falta dira tresna hauen bidezko komunikazioan, elementu berriak sartzen badira ere. Komunikatzeko modu berriek gure bizitza baldintzatzen dute eta izateko, erlazionatzeko, egiteko… moduen aldaketa ere ekar dezakete (onerako edo txarrerako). Pentsa dezagun hizkuntzak berak eskeintzen dizkigun adibideetan: ze punturaino pairatzen dugun sistema patriarkal honetan, ez gara sistema patriarkal hori bera elikatzen eta birsortzen ari lekuz edo garaiz kanpo dauden hitz edo esamolde sexisten etengabeko errepikapenarekin? Hizkuntzak (edo komunikatzeko tresnek) errealitatea deskribatzeko edo “sortzeko” balio du? Gure ustez, gakoa tresna hauen inguruan hausnartzea da, ahalik eta erabilera seguru eta kontzienteena egin ahal izateko.

Printzipioz teknologia neutrala dela esaten da. Antza, guk ematen diogu nahi dugun erabilpena. Baina hala al da? Guk menperatzen dugun tresna bat besterik ez da, ala tresna bera gure komunikatzeko eta are gehiago gure bizitzeko modua aldatzen ari da? Eta horrela bada, kontziente al gara horretaz? Edozein kasutan, horretarako, erabiltzen ari garen tresna ezagutzea eta bere inguruan hausnartzea ezinbestekoa da. Eta are garrantzitsuagoa, tresna bat izatetik territorio bat izatera igarotzen ari al da? Komeni al zaigu horrelakorik? Eta hala izanik territorio librea dela uste al dugu? Noren eskuetan dago eremu horren arauak ezartzea? Gure ekintzarako eta eraldaketak bultzatzeko gaitasuna zabaltzen edo murrizten du?

Advertisements

administratzailea -ri buruz

zirikatzen
Post hau Komunikazioa libre?, Sarean atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.