Iraultza saretik?

Nerea Etxeberria Joseba Permach-en jarraitzaile da”, “Ni ere D ereduaren alde!”, Peruri “La roja me la trae floja” gustatzen zaio, Josu Barreiro ere “Indarkeria Polizialari STOP!” manira joango da…

Sare sozialek borroka sozialetarako espazio berri bat zabaldu dute, nolabait deitzearren.

Eragile sozialon arazo nabarmenetariko bat komunikatzeko ditugun zailtasunak dira, gure inguru hurbiletik atera eta gure mezuak gizarteari helaraztea, benetan zabaltzea. Bitarteko desberdinak erabili izan ditugu: kartelak, pankartak, neurri desberdinetako manifestaldiak, panelak, fantzineak, blog-ak… baina lortzen al dugu benetan? Eskaintzen al die kaleko jendeak arreta kartelei? Topatzen al dituzte ezezagunek gure web orriak? Irakurtzen al dituzte banatzen ditugun eskuorriak? Betetzen ditugu bitarteko komunikatibo hauen helburuak? Jendea kontzientziatu eta mobilizatzeko balio dute? Edo autokontsumorako dira?

Gure buruei mila bider egin dizkiogun galderak dira.

Aldebakarreko bitarteko horien aurrean, aukera berriak eskaintzen dizkigute sare sozialek. Minutu gutxitan pertsona edo eragile batek igotako argazki zein berria sarean zabaltzen da “klik” huts batean. Ezagunei, ezezagunei… partekatu eta partekatuz, ehundaka pertsonei momentu batean helarazi ahal dizkiegu mezuak zein deialdiak.

M-15 mugimendua izan da horren lehenengotariko adierazlea. Madrilen hasi eta sare sozialetatik deialdia zabalduta, orduz ordu gazte eta ez hain gazte gehiago batzen ziren plazak okupatzeko deialdira. Are gehiago, plaza horietan gertatzen ari zena twitter bezalako sareen bitartez minuturo jarrai zitekeen, horrela komunikabideen jarraipena bermatuz eta gizartearen arreta eurenganatuz. Horrelako zabalpenari meriturik kendu gabe, esan daiteke mugimendua bera modan jarri zela sare sozialetan horrenbesteko presentzia izatearen ondorioz, eta moda horrek oraindik jende gehiagok parte hartzea ekarri zuela.

Informatzeko gaitasun horren beste adibide bat Kukutza gaztetxearen desalojoa eta eraistea izan ziren: aurretiaz gaztetxeko asanbladak izugarrizko lanketa egin zuen sare sozialetan eta mediatikoki, erabiltzaile guztiek egunez egun gaztetxearen barne bizitza ordenagailuetatik jarraitzen zutelarik: kontzertuak, tailerrak, antzerkiak, desalojoaren kontrako mobilizazioak… Gaztetxearen aldeko izugarrizko atxikimendu kanpaina hedatu zen sareetan zehar, egunero milaka ziren Kukutzaren alde “gustatzen zait” edo “ni ere joango naiz” klikatzen zuten pertsonak. Eta benetako momentuan ere nabaritu ziren zabalpen lan horrek emandako emaitzak: asanbladak lehenago jakinarazi bezala, zipaioak agertu bezain laster twitter bidez zabaldu zuen abisua, eta goizeko 5ak izan arren, Errekalde jendez bete zen, orduro handitzen zihoan jendetza.

Orain dela urte erdi pasatxo Iñigo Cabacasen erailketa ere honen adibide izan da: ordu gutxitan Euskal Herri osoan zabaldu zen bere ospitalaratzea, eta ingresatuta egondako denboran izugarrizko zabalpena izan zuen, batak besteari berria berbidalita, bertwiteatuta…

Baina askoz gauza xumeagoetarako ere nabaritu da: edozein eragile txikiren tailerra zabaltzeko, preso baten egoera pertsonala ezagutarazteko, eragileen asanblada batera deialdia egiteko… Deustun bertan ere kolektibo desberdinek erabili dituzte bitarteko bezala tailer, ekimen eta jaietarako deialdiak egiteko. Eta ukaezina da asistentzietan nabari dela.

Hala ere, dena ezin da positiboa izan (zoritxarrez holakorik ez da existitzen!). Sare sozialen “militantzia” antzeko horrek, norberaren atxikimendua etxean, ordenagailu aurrean, eta mugitu barik eman ahal izateak mugimendu sozialen espazio naturala murriztea ekar lezake: kalea. Egia da, Kukutza eta M15en kasuetan kaleak bete zirela, baina indar poliziaren ereduaren kontrako mani nazionalari buruz ezin dezakegu berdina esan. Agian milaka pertsonak mani bati interneten atxikimendua emateak pertsona horiek manira joateko beharra ez sentitzea ekar dezake. Eta kalean neurtzen dira indarrak, ez sareetan: klik batek ez ditu instituzioak behartzen, kaleetako presioak agian.

Zer sustatzen dugu sare sozialen erabilpenarekin, informazioaren zabalpen masiboa, edo jendeak mugimendua mugitu gabe bizitzea, bere konpromezua horretara mugatuz?

Era berean, betiko kontua dirudien arren, ezin dugu ahaztu sare sozialek suposatzen duten kontrol soziala: nor konektatu den deialdi hori egin den ordenagailuan, non kokatuta dagoen ordenagailu hori, noren izenean egiten den, zein ordutan, nortzuk agertzen diren argazkietan… Guri buruzko informazio piloa ematen die indar polizialei, berez informazio gehiegi duten horiei. Eta jakin badakigu informazio hori errepresioa areagotzeko erabili izan dutela behin baino gehiagotan, baita medioek ere sarekada desberdinak justifikatu zein desitxuratzeko. Esanguratsua da iaz gazte mugimenduaren kontra emandako sarekada bietan sare sozialetan agertutakoak asko aipatu zirela: “era amigo de Arnaldo Otegi en el facebook”, “salía riendose con una camiseta de la roja”…

Ukaezina da sare sozialek aukera ugari ematen dizkigutela, eta ahal den neurrian aukera horiek probestu eta gure proiektuen zabalpenerako erabili behar ditugula. Baina zentzua galdu gabe. Adibide bat jartzearren, hortxe daukagu arabiar herrialdeetako iraultzak. Nahiz eta asko puztu den sare sozialek jokatu duten papera arabiar herrialdeetako iraultza horietan (Nork puztu du? Ze interesekin?… hausnarketarako gai interesgarria), egia da erdi mailako klasearen arteko eta kanpora begirako komunikaziorako tresna baliagarriak izan direla.

Sare sozialak hemen daude, eta luzerako tartea daukate: beste alde batera begiratu eta gure buruak ghettizatu beharrean, zabalpenerako ematen dizkiguten aukerak lehertu egin behar ditugu.

Euren kontsumo oso arduratsua egin behar da, gure kontra itzul ez daitezen: iraultza ezin da interneten egin. Ezin ditugu gure espazio naturalak, ezta harreman zuzen eta naturalak ere sare sozialetan hipotekatu, komunikazio mota bat asko zabaldu arren, beti emaitzak eman dizkigun beste bat galduko genukeelako.

Advertisements

administratzailea -ri buruz

zirikatzen
Post hau Komunikazioa libre?, Sarean atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.