Internet arautzen

Duela urte batzuetatik hona, Internet kontrolatzeko guda abian da. Kontrol erlatibo batetaz ari gara noski, ez baititugu ahazten Echelo, Carnivore… bezalako espioitza sareak. Edukinen kontrolaz ari gara kasu honetan. Negozio ekonomikoa, askatasuna eta anonimotasunaren (erlatiboak noski) aurka. Egunero pirateriaren kontrako legeez, web-orrialdeen itxierez, egileez, editoreez… hitz egiten duten berriak agertzen dira. Artikulu honetan hainbat oinarrizko kontzeptu azaltzen saiatuko gara, Mass-Media-ek gai honen inguruan sortzen duten zarataren erdian gal ez gaitezen.

SOPA, PIPA, SINDE-WERT… legeak

Lege guzti hauen atzean helburu berdina izkutatzen da: sarean partekatzen dugun informazioaren kontrola. Eta partekatzearekin ekintza pilo batez ari gara: e-mail bat bidali, foro batean estekatu, deskarga programaren bat erabili… guzti hau eta beste hainbat aktibitate dira partekatzea azken finean. Jabetza intelektula defendatzen duten elkarteek (egileak, editoreak…) lehenengo interesatuak dira, bultzatzaileak. Erabiltzaileek mota guztietako fitxategiak partekatzeko ahalmena (beraien kontroletik at noski) aitzaki bikaina da. Estatuek, poz-pozik, komunikazioak “ofizialki” zelatatzeko legeak egiten dituzte entretenimendu korporazio handien mesedetan. Estatu espainola eta frantsesaren kasuan, lege hauen izena SINDE-Wert eta HADOPI dira hurrenez hurren. Hego Euskal Herriaren kasuan SINDE-Wert legea ezarri zaigu. Ikus dezagun zertan datzan.

Zer da?

Sinde-Wert legea (bere izena legea bultzatu duten PSOEko González-Sinde ministra ohiaren eta PPko Wert ministroaren abizenetatik dator) Ekonomia Jasangarriaren Legearen atal bat da, Bigarren Azken Xedapena deitutakoa. Lege honekin egileen eskubideak urratzen dituzten webguneak zigortu nahi dira.

Hori da bertsio ofiziala. Praktikan, sistema juridiko-administratibo berri eta arriskutsu baten aurrean gaude, Jabetza Intelektualeko Batzorde batek kudeatzen duena. Batzorde hau, Kultura Ministerioaren agindupean dauden pertsonez osatua dago. Horrela, Estatuak saretik dabilen informazioaren gaineko kontrola areagotzen du, kasu hauetan epaileen analisi eta erabakitze ahalmena murriztuz (orain arte, orokorrean, justiziak esteketarako web orrialdeak errugabetu ditu).

Non jaiotzen da lege hau?

2009ko azaroaren 27an momentuko gobernuak Ekonomia Jasangarriaren Legearen proiektua aurkeztu zuen Kongresuan. Nahiz eta ezkutuan egin nahi izan zuten, handik gutxira berria herritarren artean zabaltzen joan zen, interneten protesta andana sorraraziz.

Hortik aurrera gertaeren segida luzea da: kalean manifestazioak, araudiaren atal batzuen aldaketa, gelditzen da eta gero berrabiarazten da txarrera egiten duten aldaketa batzuekin… eta horrela jarraitzen du Alderdi Popularraren gobernuak arauketa onartzea erabakitzen duen arte.

Baina, zergatik horrenbesteko insistentzia oso gutxik sinisten duten legea onartzeko? Honakoa da galderarik interesgarriena.

Esaten genuen bezala, bertsio ofizialak oso “piratak” garela esaten du eta beraz, zeozer egin behar zen interneten babestutako edukien “pirateria” gelditzeko. Baina errealitatea bestelakoa da. SINDE-Wert legeak, joera internazionala jarraituz, industria kulturalaren enpresa handiei euren banaketa eta komertzializazio eredu agortuak babesteko tresnak eskeintzen dizkie. Eta dana copyright-aren lobby estatubatuarrak gidatuta.

Nori eragiten dio?

Araudi berri hau onartzen ibili diren politikariek behin eta berriz errepikatu digute legeak esteka web orrialdeei bakarrik (rebeldemule, piratebay, divxtotal…) eragingo diela, eskubideen titularren baimenarik gabe edukinak deskargatzeko esteka katalogoak eskaintzen dituztenak alegia.

Beste gezur bat gehiago, izan ere Sinde-Wert legearen neurriak:

Podrán ser aplicadas a cualquier persona física o jurídica que proporcione un servicio de la sociedad de la información, entendiéndose como tal según la Ley 34/2002, de 11 de julio, de servicio de la sociedad de la información y de comercio electrónico que directa o indirectamente actúen con ánimo de lucro o hayan causado o sean susceptibles de causar un daño patrimonial al titular de derechos.

Edo beste modu batean esanda, Interneten funtzionamenduan oinarrizkoak diren estekak erregulatzean eta legea termino orokorretan oinarrituta egonda, Batzordea edozein web orrialderen kontra aritu daiteke.

Zer da Batzordea zehatz mehatz? Nork parte hartzen du bertan?

Jabetza Intelektualaren Batzordea organo betearazlea da. Kultura ministerioaren menpe dago, eta beste gauza batzuen artean, eskubideen titularrak salatutako web orrialdeek eskubide hauek urratu dituzten edo ez erabakitzen du. Bi ataletan banatuta dago:

– Lehenengo atala. Bitartekaritza eta arbitraje eskumena jabetza intelektualaren eskubideen kudeaketa kolektiboan eta kudeaketa erakunde ezberdinen eta titularren arteko gatazken bitartekaritza.

– Bigarren atala. Kezkagarriena. “salvaguardar los derechos de propiedad intelectual frente a su vulneración por los responsables de servicios de la sociedad de la información”. Salaketak jaso, salatuak informatu, susmagarrien informazioa eskatu eta faltarik dagoen erabakitzen du.

Organo administratibo bat horrelako botereaz janztea arazo larria da. Eta are larriagoa organo hori osatzen duten pertsonak nahierara aukeratzen badira, kasu honetan gertatzen den bezala (legearen araudiak Batzordearen partaideak, Justizia, Hezkuntza, Kultura eta Kirola eta Ekonomia eta Lehiakortasuna idazkariordeen proposamenarekin, Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministerioak izendatzen dituela ezartzen du).

Beraz, epailea Bigarren atalak diona berrestera edo ez berrestera mugatzen da, erruduntasunaren edo errugabetasun erabakitze prozesuan ezin parte hartuz.

Ez da oso korapilatsua izan behar

Argazki batez irudiztatutako artikulu xume bat idatzi (edozein blog pertsonala), telebistan era irekian ematen den edozein gertaera interneten nola ikus daitekeen informatu (Roja Directa-n futbol partidak)… horrelakorik egiten dugunean, copyright-aren arau-urratze bat egiten ariko gara, eta ezagutzen ez dugun eta ezagutuko ez dugun norbaitek sala gaitzake. Esaten genuen bezala, Sinde-Wert legeak interneten edozer argitaratzen duenari eragingo dio. “Arazoa” Internet erabiltzen dugun erabiltzaile gehienok “inkontzienteki” edukiak sortzen ditugula da. Adibide bat. Zirikatzen!ek lip-dub bat egitea erabakitzen du eta bere web orrialdera igotzen du. Bai, lip-dub bat egitea edukieen sorkuntza da. Bere eskubideen titularrak, edo edozein kudeaketa entitatek, dagozkion royaltiak ez ordaintzeagatik copyright-aren urraketa egin izana salatu dezake. Hori da eduki sorkuntza interneten (eduki penagarria, bai, baina bada) eta delitu izan daiteke. Hortik aurrera izango ditugun aukerak bi dira, edo ustezko arau-hausle edukina kendu edo inork ez dakizkieen, zehaztuta ez daudelako, zigorrei aurre egin. Izunak? Kartzela? Batek daki!

Sinde-Wert legearen adarrek dana ekoizle handien edukinen pirateria ekiditeko zuzenduta dagoela diote. Baina presio taldeek adar horiek astintzen dituzten bitartean, oso gutxik ikusten dute basoa, hau da, edozein gaiaz aritzen den web orrialde bat ixteko aukera, edo bere lagunei jaiak zoriontzeko lip-dub-ak igotzen dituenak jasoko dituen zigorrak, oraindik erabakitzeke daudenak.

Advertisements

administratzailea -ri buruz

zirikatzen
Post hau Komunikazioa libre?, Sarean atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.