Harremanak 2.0

Gazteok, sare sozialak erabiltzen ditugu askotan pertsonen arteko harremanak eraikitzeko edota ditugun harremanak elikatzeko eta mantentzeko. Baina, noizbait ordenadoreetatik urrun, mugikorretatik urrun pentsatzen eta hausnartzen jarri gara guzti honek gugan eta ingurukoengan dituen ondorioetan? Gaur egun, interneten bidez maitatzen gara, erosketak egiten ditugu, besteetaz arduratzen gara, aisialdia igarotzen dugu, sexua daukagu…baina hori al da bizitza erreala? Eta erreala izatekotan zein aspektu positibo eta zein gabezi ditu? Gutako askok, sare sozial hauetan lagun pila ditugu, baina hauetatik zenbat izendatuko genituzke benetan lagun bezala? Egungo jendarte indibidualista honetan, behar bat bihurtu al da besteei momentu oro gure egunerokotasuneangertatzen dena kontatzea? Zenbat aldiz mezu baten agurrean “musu bat”, “besarkada bero bat”,…bezalako esaldiak idatzi ditugu? Eta guzti horiek, errealitatean, zenbat aldiz eman ditugu?

Ezinezkoa da ukatzea sare sozialek eskaintzen dizkiguten onurak. Gure egunerokotasunean presente dagoen komunikatzeko eta erlazionatzeko bide berri honek senitartekoekin, lagunekin edo ezezagunekin harremantzeko aukera eskeintzen digu. Pertsona askok, sare sozialik gabe eta teknologia hauek gabe, ezinezkoa edukiko lukete urrun dauden familiarrekin komunikatzea adibidez. Beste alde batetik, sare sozialak ere, kolektibitatearen parte sentitzeko eta identitatea eraikitzeko tresna egokiak dira. Zaletasun berdina duten pertsonekin, aisialdi eredu berdina konpartitzen duen jendearekin, pentsamolde berdina duten gizon emakumeekin harremantzeko eta zerbaiten parte sentitzeko baliagarriak dira. Baita ere, lotsa gainditzeko edo kudeatzeko tresna egokia izan daitezke. Askotan, ordenadore edo mugikorren bidez komunikatzeak erraztasunak eskaintzen dizkigu, aurrez aurre esateko edo galdetzeko prest ez gauden hainbat gauza botatzeko aukera dbaitaikagu. Guzti horretaz aparte, gaur egun ere, sare sozialak antolatzeko eta aldaketa soziala bultzatzeko erabiliak izaten ari dira.

Baina, sare sozialek eskeintzen dizkiguten onuretatik aparte, badituzte zenbait galera edo arrisku. Nerabe eta gazteen identitatearen eraikuntzan, paper garrantzitsu bat jokatzen dute sare sozialek. Hauen kontsumo eta erabilpenaren ondorioz, norberak bere identitatearen parte bat eraikitzen doa, ingurukoen onarpena zein den kontuan hartuz. Honek bere arriskuak ere ekar ditzake, askotan besteek gu onar gaitzaten hainbat gauza egin edo esaten baititugu. Askotan lagun talde horretatik kanpo ez geratzearren WhatsApp.a jartzen dugu mugikorrean, edo Facebook.eko kontu bat zabaltzen dugu…eta hori gutxi ez balitz orduak eta orduak ematen ditugu besteek idatzi dutena begiratzen, mezuetara erantzuten, argazkiak komentatzen,… Beraz, askotan inguruan dugun talde sozialean integratuak sentitzeko, sare sozialen erabilpen desegokia egitera heltzen gara. Are gehiago, egungo gazte askok sare sozialik gabeko komunikazioa eman daitekeenik ere ez dute imajinatzen. Hauek, gazteen artean komunikatzeko behar bat bihurtu direlarik.

Bestalde, sare sozialak eta emozioak ditugu. Emozioak, inguruan gertatzen denaz baldintzaturik daudela onartzen baldin badugu, sare sozialetan gertatzen dena ere gure emozietan eragina izango duela onartu dezakegu. Askotan ongi edo gaizki sentitzen gara, baldin eta gure muroan komentarioak uzten badituzte, eskegitako argazki berria jendeak komentatzen baldin badu, lagun bati idatzitako mezua denbora gutxian erantzuten baldin badu, edota internet bidez lagun berri asko egiten baditut. Beraz, sare sozialek ere pertsonen kontrol emozionala aurrera eramaten dutela esan dezakegu. Eta nola ez, guzti honek gaur egungo gazte askorengan menpekotasuna sortzen ari dela nabaria da. Momentu oro mugikorrean ditugun dei, mezu, edo whatsApp.engatik arduratuak baldin bagaude, horrek ere gugan stresa ekar dezake. Eta stress honek ezegonkortasuna eta askotan autoestima arazoak. Norberaren estabilitate emozionala, besteen erantzunen menpe jarriz.

Menpekotasun honek, azkenean sare sozialen beharra sentitzea dakar. Askotan, momentu oro guri gertatzen zaiguna kontatu behar dugu eta besteei gertatzen zaiena guk jakin behar dugu. Esan dezakegu instantaneitatearen zurrunbiloan sartu garela; gertatzen dena gertatzen dela, momentuan jakin behar dugu. Hau litzateke egungo jendarte kapitalista eta kontsumista honen adierazleetariko bat, instantaneitatea eta abiadura azkarra. Hau sare sozialetara trasladatzen badugu, une oro jendearekin komunikaturik egon behar garela ematen du, nolabait momentuan zer egiten dagoen jakinez eta zer egiten gauden adieraziz. Baina hori bai, agian zure ondoan duzun lagun, klasekide, familiar, lige edo auzokidea nola dagoen ere ez zara pentsatzera gelditu. Sare sozialetan, edonork edozer idatzeko aukera duen momentutik, modu batean, gure bizitza pribatua guztiz publiko bihurtzen ari dela esan dezakegu. Eta ba al daude, publikoak egin behar (edo behintzat jende ororentzat eskuragarri utzi behar) ez ditugun aspektuak? Norberak bere buruari, mugak jarri behar dizkio sare sozialetan kontatzen denarekin?

Askotan, bizitza erritmo azeleratu honek ez digu uzten gelditzen, pentsatzen eta besteetaz edota norbere buruaz ongi arduratzen. Gehienetan, sare sozialak erabiltzen ditugu besteekiko ditugun ardura emozional horiek kudeatzeko. Baina, guzti honek galerak eduki ditzake? Batzutan, hurbileko pertsonekin, ordenadore edo mugikorren bidez gehiago komunikatzera heltzen gara, aurrez-aurre baino. Eta nabaria da, komunitzeko bi modu hauek ez daukatela zer ikusirik. Aurrez-aurreko komunikazioan, esaten denaz aparte, nola esaten den, zein ahots tono erabiltzen den, nola begiratzen dugun,… ere garrantzitsua da mezua hobeto ulertzeko. Argi dago, honek egiten duela aberasgarri pertsonen arteko komunikazioa. Horregatik, sare sozialetan emotikonoak erabiltzen al dira? Baina, ba al dago parekatzerik?

Sare sozialetan ematen den komunikazioa eta eraikitzen diren harremanak errealak direla esan daiteke. Errealak, errealitatean ematen direlako, baina bere erabilpenik egokiena egiten dugu? Horregatik, garrantzitsua litzateke sare sozialen bidez lortzen diren komunikazio-erlazioak eta kalean eraikitzen ditugun komunikazio eta erlazioen arteko aldea murriztea. Horretan datzalako, sare sozialen erabilpen egoki eta arduratsua egitea. Bestela, irtenbiderik gabeko amildegi arriskutsu batekin aurki gaitezke, non bizitza erreala eskuetatik ihes egiten digun. Gainera, eta amaitzeko, goazen gorputza komunikaziorako tresna garrantzitsu bezala aldarrikatzera. Ausart gaitezen, mezuen bidez bidaltzen dugun afektibitate guzti hori gure gorputzekin erreala bihurtzen. Aska gaitezen ordenadore edo mugikorren pantaietatik, eta anima gaitezen aurrean dugun pertsonari begietara begiratzen.

Advertisements

administratzailea -ri buruz

zirikatzen
Post hau Komunikazioa libre?, Sarean atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.