Garapenak nora garamatza?

Sare sozialen inguruan hausnartzea helburu duen ale honetan, lehenengo eta behin hauek posible egiten dituen garapen zientifiko-teknologikoaz hitz egitea ezinbestekoa iruditzen zaigu. Zerk bultzatu du garapen zientifiko-teknologikoa? Beste garapen bideren bat hartu zitekeen edo halabeharrez egin beharreko bidea jarraitu du? Interesak daude garapen honen atzean ala gizateriaren mesedetan garatu da?

Hurrengo lerroetan azalduko dugun bezala, eta Klaudio Katz-en hitzetan, zientzia eta teknologia ez dira neutralak, beren garapenak gizarte kapitalistaren sorrerari erantzuten dio. Are gehiago esango genuke, betidanik ezagutzaren zati oso garrantzitsu bat guda beharretara bideratu da (arkitektura eta ingenieritza obra defentsibo eta ofentsiboak, topografiaren garapena territorio berriak konkistatu ahal izateko…). Baina nabarmentzekoa da, kapitalismoaren lehen garaietan geldirik zegoen guda-teknologiak bultzada garrantzitsua hartu zuela 1850etik aurrera, 1880rako teknologia zibilari aurre hartuz korporazio militar haundien sorrerarekin. Momentu honetatik aurrera, ekonomia miltarraren pisua berrikuntzazientifiko-teknologikoan beste ezer baino askoz garrantzitsuago bilakatzen da (AEBetan, munduko potentzia nagusian, industria militarrak ikertzaile, zientzialari eta ingeniarien %20-30 eta ikerkuntzara bideratutako aurrekontuaren bi heren monopolizaten ditu). Interes militarrak daude garapen zientifiko-teknologikoaren atzean, hau da, ez da garapen prozesu neutral bat.

Azken urteotako berrikuntza garrantzitsuenak, batez ere gehien garatutako alorretan (elektronika, aeronautika eta espaziala), hasiera batean erabilpen militarrerako pentsatuak izan ziren: zirkuitu integratuak eta semikonduktoreak Pentagonoaren eskaerak asetzeko garatu ziren; hegazkin zibil guztiak militarretatik datoz; komunikazio sateliteak NASAren guda-programetatik datoz; mikroelektronika balistikaren, radarren… arazoak konpontzeko jaio zen; energia nuklearraren garapena guda erabilpenetik dator; Internet bera militarren barne komunikaziorako tresna bezala jaio omen zen… Berrikuntza sofistikatuetatik (ordenagailuak, trantsistoreak…) aldaketa teknologiko hutsaletaraino (baina eragin ekonomiko garrantzitsuetakoak, kontainerrak kasu), dana, erabilpen militarretik eratortzen da.

Eta zergatik dauka hainbesteko garrantzia industria militarrak pairatzen dugun sistema kapitalistan? Bada, sistema honek krisi ziklikoak sortzen dituelako. Azkenengo 100 urteotan gain-produkzio eta gain-metaketa (kapitalaren etengabeko irabazien metatzearen sahiestu ezinezko ondorio ziklikoak) 300 krisi ingururi “irtenbidea” emateko, kapitalak bere aberastasuna deuseztatu eta merkatu berriak konkistatu behar izan ditu. Eta horretarako garapen zientifiko-teknologikoak izaera suntsitzailea izan behar du. Hitz gutxi batzuetan, inperialismo kapitalistak militarismoa sorrarazten du.

Bide horretan, estatuak nork, nola eta zein norabidetan berritzen den erabakitzen du. Eta ekonomia militarrean, berrikuntza, gastu publikoaren inbertsioan oinarritzen da. Industria militarraren garapena keynesiarra da guztiz, hau da, soilik estatuaren aurrekontuarekin babestuta dauden kontratista haundiek, oinarrizko teknologietan transformazio planak, teknologiarik onena bereganatu, lan indar kualifikatuena eta ekoizpen eta kontratazio kondizio onenak lor ditzakete (Bigarren Mundu Gerraren bukaeran, “Manhattan proiektuan”, bonba atomikoa egiteko proiektuan alegia, 150.000 pertsonek lan egin zuten, punta-puntako hainbat zientzialari tarteko, hurrengo urteetarako joera ezarriz). Horrela armamentismoak, eskaera eta enplegua suspertzeko politika antiziklikoa eta estatuaren zientzia eta teknologia aurrekontuaren ardatz nagusiaren papera hartzen du.

Estatuaren gastuek, hau da, denon diruak, berehalako ganantziak ziurtatzen dizkio industria militarrari. Baina, irabazi hauek ez dira enpresa armamentistikoetara mugatzen, mozkinak klase menperatzaile osora hedatzen dira, alor militarrean erabilitako berrikuntzak alor zibilera dohan pasatzen direnean. Industriagune militarra ez da “beste” sektore bat gehiago, zirkuito ekonomiko orokorretik isolatu daitekeena. Berrikuntza militarrak alor zibilera konbertitzea, akumulazio prozesu globalaren parte garrantzitsu eta bereizezina da. Alor militar eta zibilaren artean dualitate teknologiko bat existitzen bada ere, alor bakoitzeko enpresarien artean ez dago inolako antagonismorik.

Teknologia militar eta zibilaren artean erlazio estu bat dagoela agerikoa da dagoeneko. Baina jada erlazio hau ez da pasadan hamarkadetakoa bezala, non berrikuntzak alor militarretik zibilera pasatzen ziren lehenengoan amortizatu eta gero. Industriagune militarrak ekonomian duen eragina sakontzen doa asmo anitzen eraginagatik. Gero eta kasu gehiagotan, ekoizpen industrialaren produktu batzuen azken helburuak, edo ez daude batere argi edo bi alorretarako, militarra eta zibila, izan daitezke. Adibidez, erabilpen komertzialerako edo misil balistikoentzako bektore espazialen ikerketa-garapena ezberdintzea zaila da.

Baina akaso bide horretan adibiderik esanguratsuenak, sare sozialak posible egiten dituzten ordenagailuak eta Internet dira.

Informatikaren garapena 40. hamarkadan hasi zen II Mundu Gerran. 60. hamarkadan garapen handia ezagutu zuen eta 70. hamarkadan inflexio puntu erabakigarria etorri zen: ordenagailu pertsonalak. Momentu horretatik aurrera, ordenagailuak garapen militarraren buru bihurtu ziren. Gudan oraingoz giza faktorea erabakigarria bada ere, gero eta eragin handiagoa dauka teknologiak. Bi adibide aipatzearren, AEBek Pakistanen Talibanen kontra erabiltzen dituen droiak (pilotorik gabeko hegazkinak) eta gero eta entzunagoa den ziberguda (prozesu industrialak suntzitzeko birusak, Iranen instalazio nuklearrak ezgaitzea helburu zuen Stuxnet adibidez, edo ziberespioitza helburu dutenak, Flame kasu). Eta honek noski, estatuen arteko lasterketa zientifiko-teknologikoa dakar. Ez da kasualitatea 50. hamarkadatik hona, AEBetako defentsa industriaren gunerik garrantzitsuena Hego-Kalifornian egotea, munduko lehenengo zentru informatiko eta zibernetikoa (Syllicon Valley) dagoen leku berean.

Eta alor militarrean informatikak daukan garrantzia agerikoa bada, alor zibilean are eta gehiago. Guztiok daukagu edo erabiltzen dugu ordenagailua, sakeleko telefonoa, tablet… Eta kontziente izan behar gara, alor militarrean bezala, zibilean ere teknologia guzti hau espioitzarako erabiltzen dela (kontrol poliziala, publizitate pertsonalizatua…). Richard Stallmanen hitzetan (software librearen aldeko mugimenduaren sortzaile eta mundu mailako erreferentzia) “Facebook zaintza masiborako tresna da” eta Julian Assangek (Wikileaks-en sortzailea) “Facebook inoiz asmatu den espioitza makinarik beldurgarriena da (…) gordetzen duen informazio guztia inteligentzia agentzien esku uzten du, Yahoo-k edo Google-k egiten duten moduan” dio. Iratxe Esnaola informatika ingeniariak laburbiltzen ditu ideia hauek “Interneten baitan `Datuen Industria´ dei dezakegun sektore berezitu bat jada sortua dagoela ere ematen du”. Eta nork kontrolatzen du?

Advertisements

administratzailea -ri buruz

zirikatzen
Post hau Komunikazioa libre?, Sarean, Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.