Kutxak Italian

Fusioak, akordioak momentu honetara arte dauden bezala, ez du Kutxak Banku bat sortuz fusionatu eta automatikoki pribatizatzea suposatzen, baina ikusi dugun bezala, horretarako bideak zabal-zabalik uzten ditu.

Ez da lehen aldia Europako Estatu batean horrelako neurrien bitartez kutxen pribatizazio prozesu bat zabaltzen dela, eta horregatik, bere arriskua hobe ikusteko, 90ko hamarkadan Italian hasitako eta gaurdanik oraindik jarraitzen duen prozesuari gainbegiratu bat ematea egokiena deritzogu, izan ere, Vital, Kutxa eta BBK-ren fusio hotzaren atzetik ibili diren hainbat sektore bankarizazio eredu honen aldekoak ditugu (eta horrek dena esaten du).

90ko hamarkada hasieran, Italian 80 aurrezki kutxa baino gehiago eta hainbat kreditu publikoko instituzio zeuden. Ordura arte erakunde publiko izandako aurrezki kutxen pribatizazioari ateak ireki zitzaizkion kapitala lortzeko partizipazio kuotak jaulkitzearen bitartez, baina inbertsoreek ez zuten interesik erakutsi, eta saiakerak porrot egin zuen. Beraz, benetako pribatizazio prozesuari hasiera eman ziona 1990eko uztailaren 30eko Amato-Carli Legea izan zen, zeinak banku negozioa eta gizarte lana formalki banatu zituen, bi pertsona juridiko desberdin sortuz. Erreforma honen ondorioz, Kutxa bakoitza jarduera guztiz bankarioa burutzen zuen sozietate anonimo batez, alde batetik, eta sozietate anonimo horren jabetza bere egiten zuen fundazio batez, bestetik, osatzen zen. Ondorioz, fundazioak ordura arte burutu izandako gizarte lanaren ardura mantentzen zuen, sozietate anonimoak merkatuan beste edozein bankuk bezala jarduten zuelarik. Ereduaren bultzatzaileek argudiatzen zuten banaketa honen bitartez sozietate anonimoa (bankua) merkatuan lehiakorragoa zela, kapitala errazago eskura zezakeelako, lurralde gehiagotara zabaltzeko erraztasunak zituelako… Gainera, Legeak transformazio prozesuak bultzatzeko onura fiskalak aurreikusten zituen. Praktikan, hasiera batean behintzat, banaketa guztiz formala izango zen, denbora batez bankuek Kutxek eratutako fundazioen esku jarraituko zutelako. Analogia aplikatuko bagenu, hilabete batzuk barru, fusioa burutuz gero, gu antzeko fase batean geundeke.

Aipatu fondoak lortzeko iniziatibak arrakastarik izan ez zuenez, pribatizazioaren aldekoek 1994ean onartu zen Dini Legea bultzatu zuten. Hau izan zen pribatizaziorantz urrats definitiboa eman zuena, izan ere, sozietateetan fundazioek gero eta presentzia eta esku-hartze txikiagoa izan zezaten prozedura progresibo bat abiatu zuen. Spa edo akziokako sozietateen pribatizazioari ekin zitzaion bi ildotatik: etengabeko kapital gehikuntzak eta gehikuntza horietan fundazioen gero eta parte-hartze txikiagoa, euren parte-hartze zatiak saldu behar izan zituzten arte. Horrek suposatu zuen fundazioen titulu asko merkatuaren menpe egotea.

Prozesua sendotzeko beste pausu bat eman zen 1998an Ciampi Lege eta Dekretuaren bitartez: fundazioak behartu ziren sozietateetan izan zezaketen gehiengo parte-hartzea gutxitzera, eta diru hori gizarte lanetan inbertitzera. Ondorioz, fundazioen esku zegoen kapital kuota 1992an zuten %68tik, 2003an zuten %9ra jaitsi zen.

Azkenik, praktikan ematen ari zena legez jasotzeko, Ciampi-Visco Legeak fundazioen (Kutxak) eta akziokako sozietateen behin betiko banaketa ezarri zuen, Italiako aurrezki kutxen pribatizazio osoa burutuz.

Zer esanik ez, Kutxen desagerpenak Banku-talde handien agerpena ekarri du Italian, pribatizazio eredu honek entitateen arteko bat-egiteak eta lurralde-zabalpenak erraztu egiten ditu eta. Horren ondorioz, Kutxek (nahiz eta ezin dugun esan BBK, Vital eta Kutxaren ezaugarri direnik) herrikoitasuna eta lurrraldetartasuna guztiz galdu dute. Dibidendu sozialak desagertu egin dira, inbertsore txikientzako bultzada finantzieroa galdu, milaka eta milaka lanpostu desagertu… Eta, dena dela, arrakasta bezala saltzen digute komunikabideetan. Norentzako arrakasta? Nor da onuraduna eta nor kaltetua?

Baina, hala ere, onura baino kalte gehiago egingo digun fusio honek aurrera darrai, krisi ekonomikoaren itzalak bidea erraztuta, eta gainera, iritzi publikoaren aurrean egiarekin bat ez datorren irudi faltsu bat salduz: krisi une gogor hauetan Kutxen lehiakortasuna banku bihurtuz handitu eta egoerari aurre egiteko indar gehiago izango dutela. Eta zer gertatuko da krisia igarotzen denean? Iazko Lan Erreforma bezala, krisiaren mamuarekin mehatxatu eta gizartearen kontra eta kapitalaren alde hartutako behin-betiko erabaki bat izango da, Krisia egon ala ez, gure eskubide eta interesak zapaldu eta kapitalarenak babestuko dituena.

Advertisements

administratzailea -ri buruz

zirikatzen
Post hau Kutxabank atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.