Kutxabank: editoriala

Kaixo lagunok! Hemen gara berriro ere Zirikatzen!en ale berezi honekin. Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen bankarizazioaren inguruko hausnarketa egitea dugu helburu eta horretarako hainbat artikulu prestatu ditugu: bankarizazio prozesua bera, Italiako Aurrezki Kutxen bankarizazio prozesua, Aurrezki Kutxen historia eta egoera Europan, alternatibak eta terminoen glosarioa. Gai oso garrantzitsu honen inguruan hain gutxi entzuten diren iritzi elkartrukeak piztu eta horretarako beharrezkoa den informazio ulerkor eta erabilgarria eskeintzea lortzea espero dugu monografiko honekin.

 

Mozkinak gero eta arinago eta gero eta gehiago lortzea helburu duen sistema honek eta azken hamarkadetako kultura bankarioak ekarri gaitu gaur eguneko krisi egoerara. Eta gure diruarekin bankuak “erreskatatu” ondoren, hona ekarri gaituen modelora bideratu nahi dituzte Aurrezki Kutxak, bankarizatu nahi dituzte. Ez al zen zentzuzkoagoa izango kutxak bankarizatu baino bankuak “kutxarizatu”?

Estatu espainolak, bere Banku Zentralaren (BZ) bitartez, presarekin aurrera ateratako 11/2010 Erret Dekretu-legean (“De órganos de gobierno y otros aspectos del régimen jurídico de las Cajas de Ahorros”) horrela justifikatzen da bankarizazioa: “necesidad de llevar a cabo con urgencia una reforma del marco jurídico de las cajas de ahorros, de modo que se les faciliten diferentes alternativas de organización institucional, todas ellas con acceso a los mercados en las mejores condiciones posibles, y tratando de impulsar, especialmente, su capacidad para atraer capital exterior” eta bankarizazio bide horretan kutxei bankuei baino kapital portzentai handiagoa exijitzen die. Baina zer dago hitz hauen atzean? Gure ustez helburu argi bat: pribatizazioa. Kapitalak, Europan Alemaniaren bitartez batez ere, gastu soziala murriztu eta kudeaketa publikoa pribatizatu behar direla erabaki du: lan erreformak, erretreten erreforma, osasun eta hezkuntza aurrekontuen murrizketa, enpresa publikoen pribatizazioa… eta aurrezki kutxen bankarizazioa: kontrol publikoa ekidin eta gizarte-ekintzarekin amaitu. Beraz, politika jakin bat atzean duen erabaki ekonomiko baten aurrean gaude.

Gure herriari dagokionez bi bide hartu ditu prozesuak: Nafarroako Aurrezki Kutxa Euskal Herritik kanpoko beste aurrezki kutxa batzuekin banku bat osatzera, Banca Civica, bideratu du UPNk (Hego Euskal Herrirako aurrezki kutxa bat osatzeko aukera sokoratuz) eta jada akzioak jaulki ditu, hau da, pribatizazioa martxan dago. EAEn, berriz, hiru probintzietako aurrezki kutxek, negozio finantzarioa eramango duen “Kutxa Bank” bankua eta gizarte-ekintzarako beste eragile autonomo bat osatu dute, beste prozesuekin alderatuta, gutxienez epe baterako berezitasun batzuk dituena. Azken hau izango dugu hizpide ale honetan batez ere, nahiz eta gai orokorragoak ere landuko ditugun.

Lehenengo eta behin esan beharra dago prozesu guzti hauek jendarteari bizkarra emanez egin direla hasieratik bukaerara. Parte hartu duten alderdi politiko guztiek kutxen buruekin isilpean eta jendartearen parte-hartzerik gabe negozitu dute, eta hau gaiaren garrantziagatik, bereziki larria iruditzen zaigu.

Beste alde batetik, oso harrigarria egiten zaigu Espainiako BZk euskal sistema finantziarioaren nukleo zentrala desegituratuko duen inposizioak gatazka politiko gogor baten pizgarri ez izatea (batez ere EAEn), hainbat eskumenekin (sinbolikoak edo garrantzi askoz txikiagokoak) sortutakoak kontuan izanda.

Eta zer esan bankarizazioa bultzatzeko erabili dituzten argudioetaz? Nagusia hau omen: Burtsa merkatuan kapitala lortzea kaudimena (solvencia) ziurtatzeko eta inbertsioak egin ahal izateko. Baina hau ez da gure herrian gertatzen. Alde batetik aurrezki eta produkzio ahalmen nahikoa daukagu gure inbertsioak aurrera ateratzeko (ez bagara gure herritik kanpoko operazio espekulatiboetan sartzen edo ez badugu gure herritik kanporako abentura espantsionistetara jolasten, BBK Caja Sur erosten adibidez), gure helburua, kutxek historikoki izan dutena baldin bada, eta ez estrategia espantsionista berriak bultzatzea (hala ere kapitala lortzea behar izanez gero, planteatzen duten bankarizazioa ez da aukera bacará, nahiz eta hori sinistarazi nahi). Eta bestetik, euskal kutxen kaudimen maila BZk eskatutakoa betetzen du banku handien gainetik.

Baita ere hazi egin behar garela esaten digute. Baina haztea berez ez da ez txarra ez ona. Hazte estrategia ez da berez helburu bat izan behar, baizik eta bera gabe lortu ezin den balio erantsi berri bat lortzeko estrategia. Haztea helburu bat bilakatzen badugu, beti egongo dira gu baino handiagoak diren entitateak eta inorako lasterketa ero eta suntsitzaile batean sartuko gara. Ez zaizkigu adibideak falta.

Eta gogoeta orokor hauek alde batera utziz, ikus dezagun zertan gelditu den EAEko hiru kutxek sinatu duten Integrazio Kontratua. Kutxetako buruek eta PNV, PSOE eta PP alderdiek akordio batera iritzi ziren ekainean, baina azkenengo momentuan Bildurekin egindako negoziazioan hobekuntza batzuk sartu ziren Integrazio Kontratuan: banku berriaren kuxen jabetza %51etik, hau da, jada gehiengoa, %100 pasatu da (hala ere, ez dago kapital pribatua filialen bidez sartzeko limitaziorik); bankuaren irabazien %30a gizarte ekintzara hiru urtez bideratu beharrean, jada ez da epe mugarik agertzen; eta kutxak langileek adosten duten negoziazio eremua errespetatuko dute (ez da formula zehazten).

Honekin pribatizazioa ekidin dela esaten digute, baina hala al da? Bai, kutxen Administrazio Kontseiluek eta Batzar Orokorrek edo agindu legal batek kontrakoa esaten ez badu, Integrazio Kontratuan jartzen duen bezala “mantener en todo momento, en plena propiedad, las acciones de la Sociedad Central, salvo que lo contrario viniera exigido por cualquier normativa aplicable o por un Organismo o Administración competente”. Eta hau guztiz lotuta dago gizarte ekintzarekin, izan ere %30 hori “la solvencia de la Sociedad Central y las normas regulatorias aplicables lo permiten” lotuta dago, eta inon ez da zehazten zer den “solvencia financiera” eta Integrazio Kontratuan beti agertzen da “firme voluntad de…” gizarte ekintzaz hitz egiten denean.

Beraz Integrazio Kontratua balioa izango du Espainiako BZk lege bidez kontrakoa esaten ez duen bitartean, eta norbaitek sinisten al du horrela geratuko direla gauzak? Guk argi daukagu hau lehenengo pausu bat besterik ez dela finantza publikoen pribatizazioan, Italian gertatukoaren norabidean (ikus hurrengo artikuluan), eta inolaz ere babestu beharrekoa (beste hainbat arrazoi ere badaude: zenbat kobratuko dute zuzendariek?…). Eta adibiderik onena langileen esparruan aurki dezakegu. Nahiz eta langileek adosten zutena errespetatuko zutela sinatu, LABek eta ELAk oraindik ez daukate horren inguruko inongo berririk. Bitartean, kutxen buruek CCOO, Pixkanaka eta Grupo Independiente Vital sindikatuekin hitzarmen-marko bat sinatu dute.

Egoera honen aurrean LAB jokoz kanpo geratu da (BBKn fusioaren kontra bozkatu du eta Kutxan eta Vitalen abstenitu da) eta ELAko oportunistek ezkertiarren papera antzeztera pasatu dira.

Kutxetako buruek eta “El Correo” prozesua txalotzen dutenean… Guzti honek pena merezi izan al du?

Advertisements

administratzailea -ri buruz

zirikatzen
Post hau Kutxabank atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.