Krisiaren nondik norakoak

Krisiaren inguruan, edo orokorrean ekonomiaren inguruan, zerbait irakurtzen dugunean, askotan haria galtzen dugu, ez gara hainbat kontzeptu edo ideia ulertzeko gai.

Artikulu honekin bizi dugun krisia era erraz eta ulergarri batean, noiz, nola eta zergatik sortu den azaldu nahi izan dugu.

AURREKARIAK

 

Azken urteetan nazioarteko finantza merkatuetan interes-tasa (diruaren prezioa) bereziki baxua izan da. Honen ondorioz, bankuek mailegu “merkeak” eman dituzte.

Bankuen mozkin marjinak  izugarri murriztu ziren. Mozkin-marjinei eusteko, EEBB-etako buru argiei ideia borobila bururatu zitzaien: maileguak emateko orduan arrisku haundiagoak berenganatu. Era honetara, mozkin-marjin handiagoa kobra zitzaketen eta operazio gehiago gauzatu.

Arrisku handiko bezeroei NINJA ezizena ematen zaie (No Income, No Job, no Assets). Hau da, diru sarrerarik ez, lanik ez, ondarerik ez.

NINJA hauei emandako maileguei mozkin-marjina igo dakieke; arrisku handiagoa = prezio handiagoa.

Eta gehiago ere bai: Estatu Batuetako “Boom” inmobiliarioa aprobetxatuz, etxeen balioaren gainetiko mailegu handiagoak ematea bururatu zitzaien.

Etxearen balioa izugarri igotzen denez,  hilabete gutxiren buruan etxe horren balioa emandako mailegua baino handiagoa izango da.

Ninjei emandako maileguei “subprime hipoteka” deitzen zaie. “Prime hpoteka” arrisku gutxiko hipotekak dira, ez-ordainketa probabilitate gutxiko bezeroei ematen zaizkienak; alegia lan egonkorra duten pertsonak, hileko kuota ordaintzeko soldata nahikoa duten pertsonak, etab.

 

Estatu Batuetako ekonomia ondo joan den bitartean, hipoteken sistema honek ondo funtzionatu du: ninjek lana erraz lortzen zutelako hipotekak ordainduz. Gainera, etxeek balio zutena baino mailegu handiagoa lortua zutenez kontsumitzeko aukera ezberdinak zituzten: etxe-konponketak, kotxe berria, oporrak, etab.

Bankuek gero eta mailegu gehiago gauzatzen zituzten. Aintzat izan ezazu lehenago esandakoa, alegia, hasieran Ninjei ez zietela mailegurik ematen, baina egoera baikor honetan  denei ematen zizkieten. Honen ondorioz bankuak likideziarik gabe gelditu ziren, maileguak emateko ezelango dirurik gabe.

Irtenbidea erraza da: kanpoko banku eta banketxeei dirua eskatzea.

 

INJENIERITZA FINANTZIEROA

 

Globalizazioari esker, goizeko 11etan  BBKn sartzen dudan dirua, ordu gutxi batzuetan New Yorkeko banku batean egon zitekeen. Nik sartutako diru hori, Estatu Batuetako Ninja bati ematen zitzaion mailegu gisa etxea eros zezan, Hawaiira oporretan joan zedin edota BMW-k atera berri duen azken autoa eros zezan.

 

Krisi honen aurretik, nazioarteko aginteek “Basilea Arauak” negoziatu zituzten. “Basilea arauen” helburua da nazioarteko finantza merkatuak arautzea.

Hauek zera adierazten dute: bankuek ezin dute nahi beste diru mailegatu. Daukaten kapitalaren portzentaia zehatza besterik ezin. Adibidez, nire bankuak 1.000.000 €-ko kapitala baldin badauka, 1.600.000 € besterik ezin izango du maileguetan utzi.

Baina jakina, bankuak oso kreatiboak direnez, arau hau saihesteko modua aurkitu zuten: Titulizazioa.

 

Eta hau zer da? Tira, Subprime + prime hipotekak poltsa handi batean sartzen dira. Poltsa honi MBS (Mortaje Backed Securities) izena eman zitzaion. Hipotekez bermatutako obligazioak besterik ez dira. Esan behar da poltsa handi honetan denetarik dagoela: hipoteka onak, txarrak eta tartekoak.

Titulizazioa egiten duen bankuak poltsa handi hori poltsa txikietan zatikatu behar du. Hipoteka poltsa txiki hauek berehala saltzen dira. Nori? Beste banku batzuei, inbertsio fondo desberdinei, Aseguru etxeei, etab. Jabetuko zarenez inor ez da erosketetaz salbatuko.

Une honetantxe hasiko da izurritea zabaltzen, munduan barrena zabaltzen.

 

Eta galdetuko diozu zeure buruari, zergatik europar banketxe batek erosi  MBS poltsa bat? Hau da, zer nolako bermea du banku edo inbertsio fondo batek honelako MBSa erosteko?

MBS poltsa RAITING AGENTZIA  batek baloratu behar du.  Honela, Raiting balorazio hobea duten MBSak garestiago saltzen dira.

Berez, Raiting Agentziek edozein instituzio eta enpresa baloratzen dituzte: Udalak, bankuak, MBSak…

Raiting mailak hauek lirateke: AAA (onena), AA, A, BBB, BB. Azkenengotik aurrera beherako raiting-a berme gutxiko enpresak dira (adibide modura BBVA bankuak AA-ko raitinga du).

 

Raiting enpresek MBSak baloratzeko orduan, hurrengo sailkapena ezartzen dute:

– Investment grade: Prime hipotekez osoturiko MBSak (AAA edo AA raitingarekin)

– Mezzanine: Erdibideko MBSak (BBB edo BB raitingarekin)

– Equity: Suprime hipotekez osoturiko MBSak

 

Raiting ona duten MBSak berehala saltzen dira, inbertsio fondo eta banku serio eta errespetatuei saltzen dizkiete. Raiting okerragoa duten MBSak inbertsio politika oldarkorragoa duten banketxeei edo entitateei saltzen zaizkie.

 

Baina, nola saldu daitezke raiting txarra duten MBSak?

MBS poltsa berriak eraikitzen dituzte. Poltsa horietan tramu desberdinetako MBSak sortzen dituzte: hipoteka oso onak, erdibideko hipotekak eta oso txarrak diren hipotekak sartuz. Era honetara, poltsa berri honek raiting hobea lortuko du eta saltzeko errazagoa izango da.

 

KRISIA

 

Sistema konplexu hau bi balizkotan oinarritzen da:

– Ninjek euren hipotekak ordainduko dituzte

– Estatu Batuetako merkatu inmobiliarioak gora-bidean jarraituko du

 

Baina, 2007. urtean Estatu Batuetako etxebizitzen prezioek izugarrizko beherakada izan zuten. Hemen duzu hondamendiaren hastapena.

Ninjak konturatu ziren euren etxeen balioa izugarri jaitsi zela. Etxeek balio zutena baino mailegu handiagoa ordaintzen ari zirela ikusita, askok, mailegua ordaintzeari utzi zion.

Gainera, Estatu Batuetako lan merkatuan ahultasuna nabaritzen hasi zen. Ninjak lana galtzen hasi ziren, eskatutako maileguak ordaindu gabe utziz.

 

Argi dago: inork ez zuela MBSik erosi nahi. Hauen bermea Ninjen ordaindubako maileguak zirelako. MBSak zituztenek ezin zituzten saldu. Ondorioz, MBSetan inbertitu zuten inbertitzaile handiak (Inbertsio fondoak, Bankuak, Aseguru Etxeak, etb.) euren produktuetan galera handiak jasaten hasi ziren.

Inbertitzaile txikiak bankuetan sartutako dirua (fondoetan, bonoetan, enpresen obligazioetan) galtzen hasi ziren (kasurik onenean %60ko galera).

Adibide bat jarriko dizut: fondo baten 6.000 euroko inbertsio batean 3.600 euroko galera gerta zitekeen.

 

Baina istorio hau ez da hemen bukatzen, banketxeek eurek ere ez zekiten zenbatekoa zen MBS poltsetan zuten inbertsioa.

Bankuen artean mesfidantza sortzen hasi zen.

Puntu honetan, kontzeptu berri bat azaldu behar dugu: Banku arteko merkatua (Merkatu interbankarioa) . Banku arteko merkatua batzuk besteei dirua mailegatzeko erabiltzen duten merkatua da. Egoera arrunt batean, banku batek besteari dirua mailegatzen dio prezio zehatz batean: EURIBORRA. (bankuak zure mailegua Euribor + %0,5 kobratzean, bankuak %0,5 irabazten du).

Lehen azaldu bezala, bankuen mesfidantza zela medio, Banku arteko merkatuan Euriborra baino prezio altuagoan mailegatzen hasten dira eta kasu askotan ez da dirurik uzten ere.

Dirua lortzea oso garestia da. Bankuetan ez dago dirurik eta ez da mailegurik ematen.

Honen ondorioz, enpresa handiek ezin dute dirurik lortu (ospetsuak dira diru faltaren ondoriozko porrotak: Astroc, Colonial, Llanera) eta enpresa handien akzioak beherakada nabarmenak jasaten hasten dira, inbertitzaile txikien galerak handituz.

 

Maileguak garestitzeak inbertsioetan galtze  handiak dakartza. Jendea gero eta gutxiago gastatzen hasiko da, alegia, hipotekaren hilerokoa ordaintzerik ez baduzu ez zarela praka berriak erostera joango zure herriko dendara.

Honek soka dakar ondoren ikusiko duzunez. Herriko dendak gero eta gutxiago saltzen duenez, praka ekoizleari gero eta gutxiago erosten dio. Guzti honek langabezian eragin du, eta noski, langabezian dagoen pertsona ez da herriko dendara joango jantzi berriak erosten. Esan bezala, soka luzea da.

 

Eta hau noiz arte? Batek daki. Kontutan edukita oraindik inork ez dakiela zein ote den krisiaren sakonera. Hortaz, krisiaren bukaera aurreikustea oso zaila da.

 

ERANTZULEAK

 

Argi ikusi da (behintzat horretan saiatu gara) kristo handi honetan askok izan duela erantzukizunik: bankuek, Estatu Batuetako inginiari finantzarioek, Erretserba Federalak, Europako Banku Zentralak, Basilea Arauak diseinatu dituen begi bizkorrak, mendebaldeko politikariek, etab.

Diruarekin dirua “sortzen” aritu dira etengabe, baina neure lagun batek esaten du, ba, argi: denoi ahaztu zaigu dirua, balioaren ordezkagarria besterik ez dela, trukea egiteko tresna besterik ez.

 

Gure gizarteko pertsona askok gaur kontsumitzen du (afariak, oporrak, kotxea) etorkizuneko diru sarrerak gastatuz. Baina etorkizuneko diru sarrerak ez dira ziurrak. Nork daki zenbat irabaziko dudan nik hamar urte barru?

Kontsumitzeko era honek iraupen mugatua du, aurtengo oporrak ordaintzeko mailegua eskatzen badut, noiz ordainduko dut mailegua hurrengo urtean oporretara joan behar badut berriz ere?

 

Krisi honek agerian utzi duena zera da: hemen arazoa amalurra eta jendearen esplotazion eta etengabeko hazkunde ekonomikoan oinarritzen den sistema pairatzen dugula. “Kapitalismo demokratikoa” deritzoguna ez dela horren kapitalista, ezta horren demokratiko ere. Mozkinak norbereganatzen diren bitartean, galerak sozializatu egiten dira. Hau da, egoera goxoa den bitartean aberatsen gutxiengoak lortzen ditu irabaziak. Egoera kaskartzen denean, aldiz, beste guztiok ordaindu behar ditugu gutxi hauen gehiegikeriak.

 

Jainkoa merkatua bada… Hil da Jainkoa.

Advertisements
Post hau Krisia atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.