Editoriala

Kaixo lagun! Gaurkoan ale berezi bat aurkeztu nahi dizugu. Jakingo duzun bezala, Zirikatzen! komunikazioa eta formakuntza helburu duen kolektiboa da. Horregatik, aldizkariaz gain, hitzaldiak eta formakuntza tailerrak antolatu ditugu azken urteotan. Sistema kapitalistaren hamaikagarren krisiaren inguruan hiru egunetako jardunaldiak (urtarrilaren 13, 15 eta 16) antolatu berri ditugu, eta  bertan landutako kontzeptu eta idea batzuk (eta beste hainbat ere) osatzea eta txuri-beltzean jartzea da esku artean duzun orrion helburua.

Nahiz eta orain krisian gaudela behin eta berriz errepikatzen diguten, egia esan behar badugu, gehienok beti egon gara krisian.

Azken urteotan, enpresa pribatuak, inoiz ezagutu ez diren onurak izan dituen bitartean, gehiengoaren bizi baldintzek okerrera egin dute etengabe. 2006Ko erdialdean, espainiako gobernuak, UGT eta CCOO, eta CEOE eta Cepyme patronalak “Acuerdo para la Mejora y Crecimiento del Empleo” erreforma sinatu zuten. Lanaren estabilitatea, kalitatea igotzea eta prekaritatea gutxitzea “helburu” zuen erreformak, 1984tik gertatu den bezala, guztiz kontrakoa lortu du: lan merkatuaren prekarizazioa eta desregulazioa (lan baldintza tamalgarriak eta honek eragindako langileen erailketak, 109 pasa berri den urtean; aldi baterako lan kontratuen etengabeko igoera, 2007an sinatutako kontratuen %91, enpresarientzako merkeagoa delako aldi baterako langileak ordaintzea, %30 bataz-beste, eta kaleratzea; deslokalizazioen mehatxuak lan-orduak igotzeko eta lan-aldiak “malgutzeko”…), emakume (gizonezkoek baino %40 gutxiago ere jaso dezakete lan berberagatik, Indusal enpresa kasu), gazteok (behin-behinekotasuna gazteon artean %70koa da) eta etorkinak bereziki pairatzen duguna; zerbitzu publikoen pribatizazioak; gastu sozialaren murrizketa (Hego Euskal Herrian, Oinarrizko Errentan eta Larrialdi Sozialetarako Laguntzetan, soilik Barne Produktu Gordinaren %0,23 gastatzen da); aurrekontu publikoak etekin pribatuak lortzera bideratuak (AHT, Pasaiako kanpo portua…); pobreziaren hedakuntza, Euskal Herrian, Elkartzen-en kalkuluen arabera, ehundaka mila pentsionista, langabetu eta langile, bai, langile, jada klase sozial berri batez hitz egin baitezakegu: langile behartsuak, lan egin arren pobrezian bizi den jendea (Grezian izan den altzamenduaren arrazoietako bat), “mil-euristak” bezala ezagutzen direnak (pobreziaren muga 1030 euro hilean dago Euskal Herrian Elkartzen-en arabera)…

Hala ere, orain arte ez omen gara krisian egon. Orain berriz, bai. Zer aldatu da ba? Ezer gutxi. Beti gertatu den bezala, onurak gutxi batzuen eskuetan geratu diren bitartean, galerak beste guztiok ordaindu behar ditugula. Dena den, hurrengo artikuluan saiatu gara galderari erantzun sakanagoa ematen.

Baina ez gaitezen tronpatu, benetako arazoa ez da krisi honen zergatiak aurkitzea (ninjei emandako hipotekak, likidezia eta konfiantza falta…) eta “konpontzea” (kapitalismoaren birsortzea Sarkozy-ren esanetan, banku pribatuei diru publikoa bermerik gabe ematea…). Benetako arazoa sistema bera da.

Sistema kapitalista kontsumismoan eta berekoikerian (onurak kosta ala kosta eta lehen bait lehen) oinarritzen den sistema da. Amalurraren neurrigabeko esplotazioan eta lehengaien agorpenerainoko kontsumoan oinarrituz, munduan gosea (benetako terrorismoa) eta pobrezia zabaltzen duen sistema hiltzailea. Pasa den urtean 963 milioik pertsonak gosea pairatu zuten (2007an baino 40 milioi gehiago). Gosearekin bukatzeko, urtean 30.000 milioi dolar beharko lirateke. Bitartean mundu okzidentaleko gobernuek ehundaka mila milioi euro/dolar banatu(ko) dute enpresa pribatuen artean (bankuak, auto ekoizleak…) krisiari aurre egiteko, eta munduko gastu publikoaren %11,2 (bilioi dolar bat baino gehiago) gastu militarretara bideratuko da, bi adibide aipatzearren.

Sistema kriminal honek estrukturalak diren krisi garaiak izaten ditu. Orain arte, herrialde “garatuek” (sistemaren erdigunea), AEB, Kanada, Europa, Japon eta Australia, beste herrialdetara bideratzen zituzten krisi zikliko hauek, euren aberastasunak lapurtuz eta euren merkatuak, herrialde “garatuetan”  saltzen ez ziren gain-ekoitzitako produktuekin saturatuz. Baina oraingoan, periferia ez ezik, sistemaren erdigunea bera ere kaltetua suertatu da. Jada ez dago konkistatzeko kontinente berririk.

Krisi garaian gaudela esaten digute. Bada hel diezaiogun krisi hitzaren esanahiari, antolatutako errealitate ezegonkor baten edozein alderdiren aldaketa egoera, eta bihur dezagun iraultza, aldaketa sakonak ondorio traszendentalak dakarrenean, aldaketa garai hau.

Amalurraren agorpenera, eta beraz gizakiaren eta ezagutzen dugun munduaren amaierara, garamatzan sistemari buelta eman nahi badiogu, nahitaezkoa da ekoizpen indarrak kontrolatzea, gizakiaren mesedetan eta bere beharrizanetara bideratutako ekoizpen arrazional baten norabidean jaartzeko.

Bizi dugun errealitatea (etekinak lortzera bideratutako ekonomia, justizia eza, gudak, gosea…) eraldatu nahi badugu, ezinbestekoa da errealitatea bera ondo ezagutzea. Eta horretarako daukagun armarik eraginkorrenetarikoa formakuntza da.

Errealitatetik eta ideietatik teoriara. Teoriatik praktikara. Eta praktikatik beste mundu batera!

Ekin lanari!!!

 

Herri ezjakina herri desarmatua da, eta herri desarmatuak ezin du etsaia garaitu

Advertisements
Post hau Krisia atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.